Gizartea -

Parisko akordioa

Gobernuen eta enpresen "zabarkeria klimatikoa" salatu dute Bilbo, Irun eta Durangon

Klimaren aldeko Matxinada eta Larrialdi Klimatikoaren Aliantza osatzen duten elkarteek "desobedientzia zibileko" ekintzak egin dituzte.

Ekintza BBVAren aurrean. Argazkia: Greenpeace Euskadi
Ekintza BBVAren aurrean. Argazkia: Greenpeace Euskadi
Ekintza BBVAren aurrean. Argazkia: Greenpeace Euskadi

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Klimaren aldeko Matxinada eta Larrialdi Klimatikoaren Aliantza osatzen duten elkarteek "desobedientzia zibileko" ekintzak egin dituzte Bilbo, Durango eta Irunen, Parisko Akordioaren bosgarren urteurrenean. Gobernuen eta enpresen "zabarkeria klimatikoa" salatu dute. Era berean, Espainiako 27 probintziatan ekintzak egin dituzte.

Konkretuki, Klimaren aldeko Matxinadako ekintzaileak Bilboko Bizkaia plazan bildu dira goizean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean, erakundeak “bere politika klimatikoak” ahaztu dituela salatzeko, “Araban gasa ustiatzearen alde egin baitu”. “Eusko Jaurlaritza, non daude politika klimatikoak? Gas Putzurik EZ. Klimari tranpa gehiagorik ez”, lelopean elkarretaratzea egin dute.

BBVAren eta Iberdrolaren egoitzen aurrean ekintzak egin dituzte Bilbo, Durango eta Irunen. Ate aurrean pintura beltza isuri dute, petrolioarenak egiteko. Horrela, konpainien “greenwashinga” salatu dute mundu mailako krisi klimatikoaren testuinguruan.

Elkarteek azaldu dutenez, “larrialdi klimatikoari erantzun egoki bat ematen ez zaion bitartean, erregai fosilen kontsumoarekin amaitzeko beharrezko neurriak hartuz, ez dago ospatzeko ezer”. Pariseko Akordioaren bosgarren urteurrenean, “tenperatura globalaren hazkundea 1,5 gradura mugatzeko, borrokan jarraitzeko” konpromisoa berretsi du Klimaren aldeko Matxinadak.

Plataformaren hitzetan, industria fosila (mozkinak etengabe areagotzeko logika oinarri duela) “berotegi efektuko gasen isurketaren arduradun nagusia da”. “Munduko gobernu guztiek amore eman dute haien presioen aurrean, industria horren beharrizanak herritarren gainetik jarriz”, salatu du.

Era berean, “aurrekaririk gabeko pandemia testuinguruan, enpresa horiek ekonomia berreskuratzeko funtsak xurgatu nahi dituzte, covid-19ak eragindako krisiaren aurrean, inolako konpromiso klimatiko eta sozialik hartu gabe”, kritikatu du.

Plataformaren esanetan, enpresak eta gobernuak “larrialdi klimatikora bultzatu gaituen eredu harrapakari berdina betikotzen ari dira”. Zentzu horretan, gizarteak “aurrerapauso bat eman behar du, isuriak zorrotz murrizteko eta eredu jasangarriago bat eraikitzeko”, gaineratu duenez.

“Bost urte geroago, gure buruzagiek Parisen agindutakoa betetzeko zain ezin gara geratu. Gobernuen ekintza falta onartuz gero, krisi klimatikoa kontrolaezina izango da datozen urteetan, eta biztanleriaren bizi baldintzetan aurrekaririk gabeko kaskartzea gertatuko da, batez ere hegoaldeko herrialdeetako pertsona txiroenen artean. Gizarte zibilak ausart jokatu behar du”, adierazi dute elkarteek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola Bilbo BBVA Gizartea Eguneko albisteak Durango Irun Albisteak Ingurumena