Gizartea -

Euri denboralea

Donostiak hondamendi eremu izendapena eskatuko du

Pertsona batek desagertuta jarraitzen du Derion (Bizkaia), halere Irunen igandean desagertu zen gizonaren gorpua aurkitu dute. Herrizaingo Sailak bertan behera utzi du Uholdeen Plan Berezia.

Villabona
Euri denboralea: Uholdeen txikizioa sekulakoa izan da

08:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuan Euskadin eta Nafarroan uholde historikoak sortu dituen euri denboralea baretu egin da, baina oraindik ere arazo ugari daude, batik bat Gipuzkoan, lurralde kaltetuena.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak 1983an Bilbon jazotako uhaldeekin alderatu ditu asteburu honetakoak, eta hondamendi eremu izendapena eskatuko dutela aurreratu du.

Gipuzkoako Aseguru Partzuergoak ia segurutzat jo du izendapena lortzea, kalteak oso handiak izan baitira. Hiriko 2.400 herritarrek pairatu dituzte kalteak, Txomin-Eneako eta Martuteneko auzokideek, bereziki.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak euriteengatik piztutako abisu horia kendu eta bertan behera utzi du Uholdeen Plan Berezia. Rodolfo Aresen esanetan, euriteak "azken 20 urteotako handienak" izan dira.

Datozen orduetarako prezipitazioak gutxituz joango dira eta biharko eguzkia izango dugu hizpide. Margarita Martin Aemeteko Euskadiko ordezkariak azpimarratu duenez, azken 60 orduetan Gipuzkoako zenbait zonaldeetan aste oso batean pilatutako ur kopuru berdina neurtu dute.

Bien bitartean, gaur goizean berriz ekin diote asteburu honetan Derion desagertutako pertsona bilatzeari. Igandean Irunen desagertutako gizonaren gorpua aurkitu dute.

Gaua esperotakoa baino lasaiagoa izan da. Itsasgorarekin batera Urumea eta Oria ibaiek berriz gainez egingo zuten beldur ziren Gipuzkoan, baina euriak baretzen ari dira eta ibaiak handituta dauden arren, ibilguen barruan daude.

Kalte handienak Urumea, Oria eta Oiartzun ibaien inguruetan jazo dira. Hirurek gainez egin zuten eta uholdeak eragin dituzte Donostian, Astigarragan, Hernanin, Andoainen eta Oiartzunen.

Donostiako Martutene auzoan arazo handiak daude oraindik gaur goizean. Hainbat pertsona ezin izan dira etxera itzuli: batzuk senideen etxera joan dira, eta 20 inguruk Gasca kiroldegian pasatu dute gaua.

Astigarragan, lokatza gerriraino iristen da oraindik, anbulatorioa itxita egongo da gaur eta herrialdearen beheko aldean telefon zerbitzu gabe daude.

Iberdrolak jakinarazi duenez, oraindik ere 900 pertsona argindarrik gabe daude Martutenen eta Hernanin, bi azpiestaziotan uholdeak izan baitira.

Konpainiaren arabera, 21:30ean 5.400 kaltedun zeuden Gipuzkoan, baina ordu batzuk lehenago 14.000 ziren.

Bizkaian, Getxoko egoera normaltasunera itzuli da, eta  bertako Udalak ostiralean aktibatutako Larrialdietarako Plana bertan behera uztea erabaki du. 

Nafarroan, egoera egonkortu egin da eta gaur ere euria egingo du, baina ez atzo bzainbeste.

Arazo handienak Baztanen izan ziren atzo. Ibaiak gainez egin zuen Elizondo inguruko hainbat tokitan, eta ura etxebizitzetara sartu zen.Nolanahi ere, egunak aurrera egin ahala atertu egin zuen.

Garraioen egoera

Errepideei dagokienez, normaltasunera itzuli dira,  G-11izan ezik, G-20 (Donostiako saihesbidea) eta N-I ekin duen loturan.

Nafarroan, bi errepide baino ez daude itxita, bigarren mailako errepide sarean, gainera: NA-1300 (Irurtzun-Gipuzkoa), 21. eta 27. kilometroen artean, eta NA- 4150 (Leitza-Goizueta-Hernani) 16. kilometroan.

Metro Bilbaon, itxita dago oraindik Santurtzi eta Portugalete arteko tartea. Horrenbestez, herri horien artean autobusez eskaintzen ari dira zerbitzua. Horrela, Santurtziko geltokia itxita mantenduko dute ostiralera arte behintzat, bi metro ur pilatu delako. Metro Bilbaok iragarri duenez, astelehen eta astearte bitartean geltokia xukatuko dute.

Ondoren, enpresako teknikariek kalteen azterketa bat egingo dute eta egin beharreko lanak zehaztuko dituzte. Halaber, Portugaleteko geltokiarekin lotzen duen autobusak bost minutuero izango dira.

Bestalde, EuskoTrenek berriz abiatu du Bilbo-Donostia linea, goizaldean amaitu egin baitituzte hainbat tartetako kalteak konpontzeko lanak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea