Gizartea -

BIZKAIA

Atxilotu bat Bilbon, 12 adingaberi 45 sexu abusu eta sexu eraso egitea egotzita

22 urteko gizonari, 12 adingaberi sexu abusuak egitea, 9 adingaberi sexu erasoak egitea, adingabeak galbidean jartzea eta pornografia haurren artean banatzea leporatu diote. Guztira, 45 delitu.

22 urteko gizona atxilotu zuten unea. Argazkia: Guardia Zibila
22 urteko gizona atxilotu zuten unea
Adingabeen aurkako 45 sexu-abusuren ustezko egilea atxilotu dute Bilbon

0:42

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak 22 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, adin txikikoen aurkako sexu izaerako 45 delitu egitea leporatuta. Atxilotuari, sexu abusuak egitea, sexu erasoak egitea, adingabeak galbidean jartzea eta pornografia haurren artean banatzea egotzi diote. Guztira, 13 eta 15 urte bitarteko 12 biktima atzeman dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Bartzelonan, Tarragonan, Zaragozan, Balear uharteetan eta Sevillan.

Ohar batean Guardia Zibilak jakinarazi duenez, adin txikikoek erabili ohi duten interneteko webgune bat baliatzen zuen biktimekin harremanetan hartzeko. Gerora, mehatxu egiten zien materiala lortzeko.

Atxilotuari 12 adingaberi sexu abusuak egitea, 9 adingaberi sexu erasoak egitea, 12 adingabe galbidean jartzea eta pornografia adingabeen artean (12 delitu) banatzea leporatu diote. Guztira, 45 delitu. 

Nafarroan adin txikiko batek aurkeztutako salaketaren harira hasi zuen ikerketa Guardia Zibilak. Adingabearen testigantzaren arabera, gizon bati biluzik hainbat argazki eta bideo bidali zizkion eta irudi gehiago bidaltzen ez bazizkion, salaketa jartzearekin mehatxu egin omen zion.

Gaztetxoari ustez mehatxu egin zion gizona identifikatu eta atxilotu egin zuten. Gizona adingabeen artean ezaguna den "txateatzeko" webgune baten bitartez jartzen zen harremanetan biktimekin.

Hizketan jarraitzeko aitzakiarekin beren telefonoa lortu eta bilutsik argazkiak bidaltzeko eskatzen zien. Behin helburu hori lortuta, irudiak sare sozialetan zabalduko zituela mehatxu egin eta argazki gehiago lortzen zituen.

Atxilotuaren eskuko telefonoan adin txikiko gehiagorekin izandako elkarrizketak eta irudiak topatu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Bartzelona bideoak Delituak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Balearrak albisteak Sexu erasoak