Gizartea -

KORONABIRUSA

Abenduaren 27an hasiko da txertaketa Europar Batasunean, Bruselak iragarri duenez

Europar Batasunak zehaztu du garrantzitsuena ez dela kanpaina "egun berean" hastea, baizik eta "ahalegina partekatua izatea"

Abenduaren 27an hasiko da txertaketa Europan: EFEren artxiboko irudia
Abenduaren 27an hasiko da txertaketa Europan
Abenduaren 27an hasiko da txertaketa Europan: EFEren artxiboko irudia

A. S. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 27an jarriko dute abian koronabirusaren aurkako txertaketa Europar Batasunean, baldin eta abenduaren 21ean Europako Sendagaien Agentziak (EMA) Pfizer-BioNTech txertoaren prototipoa onartu eta hurrengo egunetan Europako Batzordeak txertoaren merkaturatzea baimentzen badu.

Hala aurreratu du Jens Spahn Alemaniako Osasun ministroak prentsaurrekoan, eta gerora, halaxe berretsi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Twitterren: "Europaren unea da. Abenduaren 27an, 28an eta 29an txertaketa hasiko da Europar Batasunean. Gure herritarrak babestu behar ditugu lehenik".

Eric Mamer Von der Leyenen bozeramaileak zehaztu duenez, Bruselarentzat garrantzitsuena ez da txertaketa kanpaina estatu guztietan "egun berean hastea", baizik eta pandemiari aurre egiteko "ahalegin partekatu bat" egotea.

"Estatu kideekin harremanetan gaude. Europar Batasunaren tamaina eta bizi ditugun egoera ezberdinak ikusita, zentzuzkoagoa da kanpaina abiatzeko zenbait egun edukitzea. Hori bai, abenduaren 27an hasiko gara txertoak ematen", laburbildu du.

Seigarren txertoa, bidean

Halaber, covid-19aren aurkako beste txerto bat eskuratzeko kontratu bat egitekotan dagoela iragarri du Europako Batzordeak: Novavax konpainiarena, alegia. Bruselak 100 milioi dosi erosiko ditu, eta beste 100 milioi eskuratzeko aukera ere izango du, sinatzeke dagoen akordio baten arabera.

Horrenbestez, Europar Batasunak eskura izango lukeen seigarren txertoa izango litzateke Novavaxena. Aurrez, honakoekin hitzartu du akordioa Bruselak: Pfizer-BioNTech, Astrazeneca-Oxford, Johnson & Johnson, CureVac eta Moderna. Gaur gaurkoz, Pfizer-BioNTech eta Moderna konpainiek bakarrik eskatu diote Europako Sendagaien Agentziari euren prototipoak aztertzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Txertoak azken ordukoa Koronabirus-agerraldiak