Gizartea -
Migratzaileen Eguna
Migratzaileen bizitza eta duintasuna oraindik ere kolokan
Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, euskal hiriburuetan mobilizazioak deitu dituzte "haienganako elkartasuna agertzeko eta bizi duten egoera salatzeko".
L.Z. | EiTB MEDIA
Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, Hego Euskal Herriko hainbat udalerritan mobilizazioak deitu dituzte gaur arratsalderako bazterkeria, klasismoa, murrizketa sozialak, arrazismoa eta atzerritarren legea salatzeko.
Barakaldon, esaterako, Ongi Etorri Erruxiatuakek antolatuta, elkarretaratzea egingo dute 18:00etan, Herriko plazan. Bestalde, LABek ondorengo protestak deitu ditu: Bilbon, 19:00etan, udaletxe aurrean; Gasteizen, 19:00etan, Correos parean, eta Iruñean kalejira egingo dute abenduaren 20an, 12:00etan.
LABek elkartasuna adierazi die migratzaileei
"Berriro ere, elkartasuna agertu nahi diegu beren herrialdeak utzi behar izan dituzten migratzaile guztiei, eta haien balentria goratu nahi dugu", esan du LAB sindikatuak ohar batean."Bizi dugun aurrekaririk gabeko egoera hau kontuan izanda, indarrak batzeko eta hausnartzeko ordua da", gaineratu du.
Giza eskubideekin lotutako bost gai aipatu ditu AIk
Amnistia Internazionala (AI) gobernuz kanpoko erakundeak giza eskubideekin lotutako bost gai garrantzitsu ekarri ditu gogora, horiek dituzten "argi-ilunak" azpimarratuz.
"Pandemian mugak itxita egon dira, Kanarietara ohi baino ontzi gehiago heldu dira, egoera horri aurre egiteko bitartekorik jarri ez duten arren... Gauza asko gertatu dira 2020an migratzaileekin eta errefuxiatuekin. Nahi gabe protagonista bihurtu dira", salatu du.
Haurrak ez kriminalizatzea eskatu du Save the Childrenek
Kanarietan migratzaileen eta errefuxiatuen iritsierak eragindako tentsioen aurrean, Save the Childrenek eskatu du pertsona horiek ez kriminalizatzea, bereziki, "haurrak eta adingabeak". Urtebetean 2.000 adingabe iritsi dira Kanaria uharteetara, eta "haien eskubideak urratzen ari dira". Horrek guztiak ezinegon emozionala eta ezjakintasuna eragiten du.
ACCEMek uste du ez dutela aurrera egin
"Aurten ere ez dugu aurrerapausorik ikusi Europara iristen diren pertsonen duintasuna eta bizitzak bermatzeko orduan", adierazi du ACCEMek.
Eskola uzteko arriskua handituz doa
Konfinamendua amaitu zenetik handitu egin da migratzaileek eskola uzteko arriskua, InteRede egindako ikerketa baten arabera.
"Salbuespeneko neurriek ez dute horretan lagundu, esaterako, aurrez aurreko eskolak eta etxetik hartutako klaseak txandakatzeak. Migratzaileen beharrizanak agerian geratu dira, baina inork ez ditu kontuan hartu", ondorioztatu du ikerketa horrek.