Gizartea -
KORONABIRUSA
"Bertako produktuekiko joera pixka bat areagotu da, baina asko dago egiteko"
Osasun krisiak eragin duen agertoki berrira egokitzea ez da oztopoa izan baserritarrentzat. Beti ibili dira bezeroarengana iristeko "bide berriak" urratzen, Lorea Muguruza EHNEko kidearen hitzetan.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Azoka handien garaia izan ohi da abendu amaiera baserritar askorentzat. Gabonen jiran, dozenaka dira Euskal Herriko bazterretan antolatu ohi diren feriak. Aurtengo agendetan baina, hitzordu handi horiek guztiak bertan behera geratu dira, covid-19a dela eta.
Ekoizleentzat erakusleiho garrantzitsuak dira azoka handiak, eguneroko txikiek ematen diete jaten, ordea. Herri eta hirietan astero zein egunero egiten dituzten salmentak hauspotzea da euren erronka; kontsumitzaileei tokian tokiko produktuak eskaini eta horien atzean dagoen ekoizpen eredua gizarteratu.
Pandemiak ia mundu osoa hankaz gora jarri duen honetan, naturak bere erritmoari eusten dio, sasoian sasoiko produktuak eskainiz. Azokak dira prozesuaren azken kate-begia, baina atzean ibilbide luzea dago. Ez da salerosketa huts bat, bertako produktu bat erostea "erabaki politikoa eta soziala" ere bada. Argi du premisa hori Lorea Muguruza (Idiazabal, 1983) EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasun sindikatuko Gipuzkoako komunikazio arduradunak. Kazetaria eta baserritarra ofizioz, baserritarrak bizimolde berrietara egokitzeko izan duen gaitasunean, "lehen eta orain", jarri du azpimarra. Hori bai, kezkatuta begiratzen dio etorkizunari, baserriaren inguruko jakintzaren transmisioan izan den arrakalari aurre egitea zail ikusten baitu.
Nola eragin dio covid-19aren pandemiak lehen sektoreari?
Baserrietan naturarekin egiten dugu lan eta alde horretatik covidak ez du ezertan eragin, naturak bere erritmoan jarraitu duelako aurrera eta gure lanak ere bai. Baina ekoizpenak merkaturatzerako orduan izan ditugu eragozpenak. Lehen kolpea bezeroarekin zuzeneko harremana duten komertzializazio bideetan jasan genuen: kontsumo taldeetako otarreak banatzerako orduan, esaterako. Nahiz eta higiene eta distantzia neurri guztiak bete, baserritar batzuek isuna jaso zuten bere produktuen otarreak bezeroen atarietan utzi zituztelako. Gero azokak debekatzea etorri zen. Zentzugabea izan zen erabaki hura: saltoki handiak zabalik zeuden bitartean, baserritarrak zigortzen gintuzten.
Dena den, azpisektorez azpisektore egoera desberdina izan da: lore ekoizleak, esaterako, erabat jipoitu ditu covid-19aren pandemiak. Udaberriko uzta zakarretara bota behar izan zuten, eta udan aldatutakoa ere, Domu Santu Egunean banatzeko, asko alferrik galdu zen. Zezen suharrak hazten dituztenek ere, festarik izan ez dutenez, aurten ez dute diru sarrerarik izan. Haragiaren arloa nahikoa geldo ibili da, baina pixkanaka saldu da; baita esnea, gazta edo barazkiena ere. Ez da aurreko urteetako maila berean saldu, eta horrek gure diru sarreretan eragin du, kostuak ez baitzaizkigu gutxitu.
Paradoxikoa da kontu hau, izan ere, denbora asko igaro dugu denok etxean sartuta, otorduak prestatzeko denbora gehiagorekin, baina jatekorik ez da falta izan ez dendetan, ez azoketan, ez saltoki handietan… Inork pentsatu al du, guk diru sarrera gutxiago izan badugu eta elikagaiak berdin saldu badira (edo gehiago), etekinak zeinek eta nola eskuratu dituen?
Osasun krisiaren lehen olatuan, nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko merkatu eta azokak bertan behera uzteko agindua baliogabetzea lortu zenuten. Horretan ekoizleen eta kontsumitzaileen indar erakustaldi bat egon zen.
Ez zen baserritarron lorpena bakarrik izan; izan ere, azokatara herritarrak joaten dira erosketak egitera. Herritik atera ezinik bazaude, produktu freskoa eskuratu nahi baduzu eta ahora zer eramaten duzun jakin nahi baduzu, azokak dira zure erosketak egiteko leku aproposa. Indarren batura bat izan zen. Ordurako bai baserritarrok, baita herritarrok, oro har, euste lan handia egiten ari ginen. Ez ginen etxetik ateratzen, ez genuen elkar ukitzen, ez genuen bizitza sozialik egiteko aukerarik … Dena zen ez eta ez. Eta oinarrizko behar bat, hau da, jatekoa, modu jasangarrian erosteko aukera kentzen badizute, haserretu egiten zara. Berdina gertatzen da baserritarrokin. Gu lan eta lan aritu ginen, naturak ezin duelako gelditzeko erabakirik hartu, eta herri hau elikatzeko konpromisoa dugulako. Trabaz eta ezinegonez betetako egoera batean lanean buru-belarri ari zara, eta halako batean, azkar galtzen den produktu hori ezin duzula zuzenean saldu esaten dizute. Bada, haserretu egiten zara.
Horrez gain, zentzugabekeria galanta zen saltoki handiak irekita egotea eta azokak ixtea. Baserritarrak berak bakarrik ukitzen ditu bere produktuak; saltoki handietakoak, pertsona askok. Arriskutsuagoa al da aire librean dagoen azoka bat eremu itxi batean dagoen saltoki handi bat baino?
Ingurumenarekiko errespetuzko kontsumoa erdigunean duen ekoizpen eredua gizarteratzea da zuen helburuetako bat.
Konturatu behar gara erosketa bat egiten dugunean ez dela transakzio ekonomiko hutsa. Erosketa horren atzean ibilbide luzea dago. Erabaki politikoa, soziala, ingurumenari eragiten diona ere badago. Ez da berdina zure etxetik ikusten duzun baserrian jaiotako arkumea jatea edo Zeelanda Berritik datorrena jatea. Demagun bezeroak prezio berdina ordaintzen duela bi arkume horiengatik. Zeelanda Berritik etorri den horrek 19.000-20.000 kilometro egin baditu hainbat garraiobidetan eta honaino iritsi denean hemengoaren prezio bera badu, hemengoa gutxi ordaintzen da edo hango baserritarrari gutxi ordaindu diote, edo biak gertatzen dira aldi berean. Nahi gabe prekarietatea bultzatzen ari gara erabaki horrekin. Era berean, agerikoa da ingurumenari zenbat eragiten dion baten ibilbideak eta bestearenak, kilometro kopuruari bakarrik erreparatuta. Horri gehitu behar zaio bertako larreetan bazkatzen duen ardi edo arkume hori paisaia bat bermatzen ari dela, suteak ekiditeko lana egiten ari dela; eta, gainera, bertako arraza bizirik eusten ari garela. Eta areago joanda, ohartuko gara, arkume hori erosita bertako errealitatea ezagutzen duen pertsona edo familia bat mantentzen dela.
Sarritan baserritarroi gertatzen zaigu, ez dugunez hizkuntza zientifikorik erabiltzen, badirudiela ez dakigula ezer zapaltzen dugun lurrari buruz edo gure eskuekin lantzen dugun lurrari buruz. Baina hori ez da horrela. Zoritxarrez, arrakala bat gertatu da herritar gehienak hiri edo gune urbanoetara bizitzera joan direnean: naturarekin deskonektatu dute. Deskonexio horretan ezagutzaren transmisioa eten da, eta salmenta zuzenaren bidez, baserritarrok naturaren eta hirian bizi denaren arteko kate-begia bihurtu gara. Salmenta edo kontsumo eredua baino haratago doan hausnarketa egin behar dugu, azken finean, ze jendarte eraiki nahi dugun gure esku dagoelako.
Kontsumitzailearengana iristeko bide berriak bilatze horretan etengabe dihardu baserritarrak.
Bizitzeko modua aldatu egin da. Denbora zertan igarotzen dugun, zeri ematen diogun garrantzia aldatu egin da eta aldatzen joango da. Itxialdian, egoerara ahal bezain azkar moldatzea besterik ez zegoen, nork bere bizimoduari eutsi nahi bazion: Internet bidez, sare sozialen bidez … Baina aldarrikatu nahi dut baserritarrok beti moldatu garela, mendez mende, salmenta mota berrietara, jendarte mota berrietara. Baserritarra beti moldatu da eta datozen urte, hamarkada eta mendeetan ere moldatuko gara. Gainera, pertsonok beti izango dugu elikatzeko beharra; beraz, nola elikatu erabaki beharko genuke, ezta? Bertakoa sustatu nahi dugun eta horrekin gure ingurua babestu nahi dugun erabakitzeko aukera eduki beharko genuke, ezta? Jaten dugunari buruzko informazio gehiago izatea ez litzateke txarra, ala?
Pandemia honek ezer onik ekarri badu, osasuna lehenestea izan da. Horren eraginik sumatu al duzue produktuen eskarian?
Herritarrok anitzak gara, eta beti egon da eta egongo da denetik. Itxialdiak bertako produktuekiko joera pixka bat areagotu du, baina ez da erabateko iraultza izan. Urte berriko asmo onen efektua gertatu da: itxialdian ginen bitartean, asmo onen zerrenda egin dugu; baina gero egunerokotasuna etorri da, betiko abiadura eta betiko buruhausteekin. Igoeratxo bat sumatzen da kontzientziazioan, baina oraindik lan handia dugu egiteko.
Baserriaren inguruko jakintzaren transmisioan izan den etenari, nola aurre egin?
Gure lanari balioa eman ahal izateko, zertan ari garen ezagutu behar dela uste dut, eta horretan, berriz ere, aurretik aipatzen nuen deskonexio horretara itzuli behar gara. Hirietara edo herriguneetara masiboki bizitzera joan ginen une horretan gertatutako arrakalari egin behar diogu aurre. Ohartu behar gara, une honetan, gure inguruneko naturaren erritmoa, ezaugarri, historiko … informazio hori guztia baserritarrak jaso duela, eta bera dela, naturarekin elkarlanean sortu duen produktu horien bidez, hiri-herri eremu urbano horretara jaitsi den horri, jasota duen ezagutza helarazteko zubia. Ezagutzen ez denean, aurreiritziak erabiltzeko joera handitzen da eta horrek ez dio inori laguntzen, eta ez du adinez nagusia behar duen jendarte bat garatzeko balio.
Noski, kontsumitzaileen artean denetarik dago: erosten duen produktu horrekiko kontzientzia duena, kontzientzia hori ez duena, badakiena baina bost axola zaiona, eta baduena baina patrikan sartzen zaizkion sosek erabat baldintzatzen dutena. Anitzak gara eta horrela izaten jarraitu beharko genuke. Dena den, ezagutza inoiz ez dago soberan eta galdetzea baino ariketa osasuntsuagorik ez dago.
Eredu aldaketarako giltza bestelako nekazaritza-politiketan legoke, hein handi batean. Nolako politikak aldarrikatzen dituzue?
Nekazaritza benetan funtsezkoa bada, alderdi politiko guztien agendan beharko luke lehentasunez nekazaritzari buruzko adostasunak lortzea, baita baserriei eusteko eta bertatik bizitzeko zein neurri hartu beharko liratekeen erabakitzea. Nazio gisa jatekorik izan nahi dugun erabaki behar dugu, edo kanpotik inportatzen segitu behar dugun erabateko dependentzian biziz. Horrek beharko luke lehen pausoa, izan ere, hortik abiatuko litzateke baserriaren etorkizuna eraikitzen hasteko aukera: zer produktu behar dugun herri gisa, nork ekoitz ditzakeen, zer baldintza egokitu beharko litzatekeen horretarako, non ekoitz ditzakegun, nola ekoitz ditzakegun, nola sal ditzakegun… Gaur egun, ordea, horrelako planteamendu globalik ez da egin eta horrek ez du mesederik egiten.
Pandemia dela eta, asko dira landa-eremuetara begira jarri diren herritarrak. Nola begiratzen diozue etorkizunari?
Landa eremuari begiratzea ongi dago, beti da pozgarria bertan bizitzeko hautua egiten duen inor etortzea. Lehen aipatutako arrakala hori gainditzen laguntzen badu, ongietorria izango da beti. Etorkizunari beti itxaropenez begiratu behar zaio, irriak beti dakarrelako beste irri bat bueltan. Denon esku egongo da bidezkoagoa den eta denontzako lekua duen jendartea eraikitzea.