Gizartea -

Neurri berriak

Bizkaibusek aurreko atetik sartzea ahalbidetzen du, segurtasun-manparak jarri ostean

Erabiltzaileek bidaia baterako txartela eskudirutan erosi ahalko dute, eta Bizkaibusek erabilera bakarrerako eskuzapi hidroalkoholikoak banatuko ditu eskuak garbitzeko.

Bizkaibusek jarritako segurtasun-manpara bat. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Segurtasun-manpara
Bizkaibusek jarritako segurtasun-manpara bat. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik aurrera, Bizkaibusek aurreko atetik sartzeko aukera emango du, zerbitzuaren 336 autobusetan segurtasun-manparak jarri ostean.

Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, aurreko atetik sartzeaz gain, erabiltzaileek bidaia bakarrerako txartela eskudirutan erosi ahalko dute, eta autobusean sartzerakoan txartela aurreko makinaren irakurgailuan eta bidaia amaitzerakoan atzekoan baliozkotu ahalko dute. Martxoaren 15etik ezin zuten horrelakorik egin, osasun krisiaren ondorioz.

Hain zuzen, neurri horien eraginez, gidaria eta bidaiariak bereiztearren, aurreko atetik sartzea eta aurrealdeko eserlekuak erabiltzea debekatu zuten. Horrez gain, eskudirutan ordaintzeko aukera ere kendu zuten.

Manpara berriak beirazkoak edo plastikozkoak dira, eta ibilgailu bakoitzari egokitutako ezaugarriak dituzte. Horrela, ibilgailuen homologazio-baldintzak bermatzen dira.

Manparei esker, erabiltzaileen eta gidariaren arteko komunikazioa erraztu egingo da, eta, hala, bidaia bakarrerako txartela segurtasun osoz eman eta ordaindu ahalko dute.

Gel hidroalkoholikoa

Gaurtik aurrera, Bizkaibusek behin erabiltzeko eskuzapi hidroalkoholikoak emango dizkie erabiltzaileei eskuak garbitzeko. Eskuzapi hauek Bezeroaren Arretarako Bulegoetan emango dituzte, Barik txartela kargatzerakoan.

Gainera, osasun gomendioak biltzen dituen 2021eko egutegi bat eta txartelak babesteko zorro bat emango dizkiete bezeroei.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Gizartea Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Bizkaibusen ordutegiak Koronabirusa