Gizartea -

EMAKUNDE SARIA

Askabide elkarteak jaso du Berdintasunaren aldeko 2020ko Emakunde Saria

Epaimahaiak azpimarratu du prostituzioan eta gizarte bazterketako egoeretan dauden emakumeekin egin duen lana.

Askabide elkarteak jaso du Berdintasunaren aldeko 2020ko Emakunde Saria. Argazkia: Irekia
Askabide elkarteak jaso du Berdintasunaren aldeko 2020ko Emakunde Saria
Askabide elkarteak jaso du Berdintasunaren aldeko 2020ko Emakunde Saria. Argazkia: Irekia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berdintasunaren aldeko 2020ko Emakunde Saria Askabide elkarteak jaso du. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak EAEn prostituzioan aritzen diren eta gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeen kolektiboaren normalizazioaren eta gizarteratzearen alde lan egiten du.

Epaimahaiak azpimarratu du prostituzioaren eta gizarte-bazterketaren testuinguruan emakumeek jasaten dituzten indarkeria-adierazpenei urgentziazko erantzuna ematea, bai eta sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren arloan egiten duen lana ere. Sari honen bidez, prostituzioaren esparruan egindako 35 urteko lanari balioa ematen zaio, eta, horrez gain, emakumeen kolektibo horren diskriminazio- eta zaurgarritasun-egoera ikusarazten da gizartearen aurrean. Epaimahaiak aitorpena zabaldu nahi die prostituzio-testuinguruetan lan egiten duten beste erakunde batzuei.

Miriam Santorcuato Askabideko presidenteak azaldu duenez, elkarteak emakumeen ikusgarritasunaren inguruan gizartea sentsibilizatzen eta zuzenean esku hartzen egiten du lan. Ematen dituzten zerbitzuen artean, "emakume prostitutek etengabe pairatzen duten" indarkeriaren prebentzioa eta emakumeek  aukera eta adierazpen askatasun gehiago izateko ahalduntzea eta gaitzea azpimarratu ditu.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan, Askabide bezalako elkarteek "funtsezko eginkizuna betetzen dute gure gizartean, eta askotan administrazioetatik iritsi ezin garen lekuetara iristen dira, eremua ezagutzen baitute, eta horrela osatzen dute erakundeetatik egoera ahulenean dauden pertsonekin egiten dugun lana".

Bestalde, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren arabera, sari hau 35 urte baino gehiagoko ekarpenari ematen zaio, prostituzioari emakume bakoitzaren nortasunen eta bizi-esperientzien dimentsio indibidualetik eta, aldi berean, dimentsio soziokomunitario batetik heldu dion esku-hartze baten bidez, konplexutasun horri guztiari erantzuten saiatzen diren estrategia malguak diseinatu dituelako Askabidek".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa