Gizartea -

Elkarrizketa

Basaras: "Argi dago datozen asteetan kasuek gora egingo dutela"

EHUko mikrobiologoaren ustez, "neurri egokiena itxialdi erabatekoa ezartzea litzateke, baina jakin badakit ezin garela horrela egon denbora guztian".

Basaras, EHUn. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Miren Basaras.
Basaras, EHUn. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaurlaritzak covid-19aren kutsatzeak saihesteko Gabonetan neurriak zorroztu dituela eta, Miren Basaras mikrobiologian aditu eta EHUko irakasleak herritarren "erantzukizunari" deia egin dio: "Abenduaren 24an eta 31n ez ditzagun eguerdira aurreratu iluntzeko ohiko poteoak. Ez ditzagun zirrikituak bilatu bizimodu normala egiteko".

Izan ere, adituaren ustez, "argi dago datozen asteetan kasuek gora egingo dutela". Hala, norberari dagokio pandemiaren hirugarren olatua "dramatikoagoa ez izatea", ohartarazi du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean.

Argitu du bera erabateko itxialdi baten aldekoa dela, "hori izango litzateke neurri egokiena, baina jakin badakit ezin garela horrela egon denbora guztian", aitortu du.

Gabonetan mahai baten bueltan bil daitezkeen pertsona kopuruari (10, abenduaren 24an eta 25ean eta sei, hilaren 31n eta urtarrilaren 1ean) dagokionez, mikrobiologoak adierazi du "neurri apur bat eztabaidagarria" dela, baina azpimarratu du mezu orokorra dela "ahalik eta gutxien biltzea".

Basarasen esanetan, birus honek duen ezaugarrietako bat da "igoerak esponentzialak" direla, baina ez jaitsierak.

Erresuma Batuan atzeman duten aldaeraren harira, EHUko irakasleak azaldu du "oraindik asko" ikertu behar direla genoman egondako "moldaketa" horiek. "Badakigu gehiago kutsatzen dela, baina ez du ematen txertoaren eraginkortasunean edota gaixoak egin behar duen antigorputzen ekoizpenean eragingo duenik, eta hori ona da".

Azkenik, esan du txertoa edukita "errazagoa" dela aldaerei aurre egiteko moldaketa egitea.

_______________

Erredakzioan itzulia

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EHU albisteak Gaixotasunak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea