Gizartea -
Genero indarkeria
Sei zauritu eragindako sute batean Iruñean, genero indarkeria kasu baten ondoren
Gizon batek sutea eragin eta etxebizitza barruan geratu da. Sei pertsona Nafarroako Ospitalgunera eraman dituzte, zaurituta.
EITB Media | Agentziak
Genero indarkeria kasu batean, gizon batek sute bat eragin du Iruñeko etxebizitza batean, eta ez du etxetik irten nahi izan. Sutearen ondorioz, sei pertsona eraman dituzte Nafarroako Ospitalgunera, bat larri zaurituta eta beste bostak, arin. Gainera, beste bederatzi etxebizitza hustu behar izan dituzte, Iruñeko Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera.
Nafarroako Gobernuak, bestalde, 7:02an larrialdiek dei bat jaso dutela azaldu du, Zangotza kaleko etxe batean sutea zegoela ohartaraziz. Antza, sutea gizonak eragin du, lehenago Udaltzaingoarekin liskar bat izanda.
Suhiltzaileak bertaratu direnean, sutearen bi foku ikusi dituzte, bat logela batean eta beste bat eskaileran, eta ke asko sortzen ari zirela baieztatu dute. Auzikoei etxean geratzeko esan diete.
Etxebizitzara atzetik sartu dira, eta gizona sukaldean topatu ondoren, leihotik atera dute. Anbulantzian eraman dute ospitalera, kea arnasteagatik intoxikazio sintoma larriekin.
Suhiltzaileek arazoak izan dituzte sartzeko, koltxoi batek bidea oztopatzen zuelako. Behin sutea itzalita, eraikina aireztatu eta bizilagunak atera dituzte.
Horietako bost ospitalera eraman dute, arin zaurituta.
Udaltzaingoaren esku dago gertakariaren ikerketa.