Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Pfizer konpainiak garatutako txertoaren lehen dosiak Espainiara iritsi dira

Agentziak | ETB Media

Covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina aldi berean hasiko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru zahar-etxetan. Nafarroan, berriz, Iruñeko egoitza batean hasiko da.

1:14
Espainiara iritsitako txertoak. EITBko bideo batetik hartutako irudia.

Pfizer konpainiak garatutako covid-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak Espainiara iritsi dira dagoeneko, eta une honetan Guadalajarako biltegi batean daude. Datozen orduetan aterako dituzte handik, modu ekitatiboan autonomia erkidegoen artean banatzeko. Hala, bihar bertan ekingo zaio koronabirusaren aurkako txertaketa kanpainari, horretarako prestatu dituzten puntuetan.

Dosi horiek Belgikatik ekarri dituen kamioia 07:30 aldera iritsi da Guadalajarako biltegira, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.

Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziako (SOPEA) teknikariek datozen orduetan sinatuko dute larunbat honetan jasotako lehen entrega hori, Pfizer eta BioNTech laborategiek garatutako txertoaren sortekin, hain zuzen ere. Horiek Europar Batasuneko herrialdeetarako dira, eta asteazkenean atera ziren Belgikako Puurs lantegitik, tenperatura egokia mantentzen duten edukiontzi berezietan.

Gauzak horrela, Europar Batasunak igande honetan bertan, abenduak 27, ekingo dio txertaketa kanpainari, birusaren aurkako txertoak modu bateratuan erosi ostean, estatu kideen artean adostutako estrategia koordinatu baten bidez.

Covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina aldi berean hasiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Igande honetan bertan, hilak 27, txertatuko dituzte lurralde bakoitzeko hiru zahar-etxetako egoiliarrak. Hala, zentro horietan jarriko dituzte Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) iritsiko diren lehen 405 txertoak.

Nafarroak ere prest du dena bihar bertan covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina hasteko, Iruñeko El Vergel egoitzan.

Hala, bihar hasiko da covid-19aren aurkako Espainiako txertaketa-estrategian ezarritako hiru etapetako lehena, eta lau biztanleria-talde lehenesten ditu: egoiliarrak eta adineko pertsonen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzetako langile sanitario eta soziosanitarioak; lehen mailako profesional sanitarioak; beste langile sanitario eta soziosanitario batzuk eta instituzionalizatu gabeko mendeko pertsonak.

Astelehenetik aurrera, guztira, batez beste, 350.000 dosi bidaliko dira autonomia erkidegoetara, astean behin. Datozen hamabi asteetan, Pfizer txertoaren 4.591.275 dosi jasoko ditu Espainiak, eta horiekin 2.295.638 pertsona immunizatzea lortuko da; beraz, covid-19aren aurkako txertaketa-estrategiaren lehen etapa beteko litzateke Espainian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena