Gizartea -

Koronabirusa

Osasun langileek covid-19aren aurkako txertoa hartzera animatu dituzte herritarrak

Txertaketa "bizitzak salbatzen dituen ekintza bat" dela nabarmendu dute, eta "sinesmenetik abiatu ohi diren ebidentzia zientifikorik gabeko argudioei sinesgarritasunik ez emateko" eskatu dute.

Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EFE
Covid-19aren aurkako txertoa.
Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako eta Bizkaiko osasun arloko langileek covid-19aren aurkako txertoa hartzera animatu dituzte herritarrak, txertaketa "bizitzak salbatzen dituen banakako eta taldeko erantzukizuneko ekintza bat" dela iritzita.

Igande honetan txertaketa kanpaina hasiko da Euskadin, eta, horren aurrean, txertoak onura indibiduala ez ezik, inguru osoa babesten duela nabarmendu dute Arabako osasun arloko profesionalen elkargoetako ordezkariek.

Arabako bost elkargo profesionalek gogorarazi dutenez, EBn koronabirusari aurre egiteko jarriko diren txertoek agentzia ebaluatzaileen oniritzia dute, eta "horien segurtasuna, kalitatea eta eraginkortasuna bermatuta dago". Hori dela eta, txertoarekiko hasierako mesfidantzarik ez izateko eskatu diete herritarrei, txertoa prestatzeko epeak laburtu diren arren, guztiz segurua baita.

Alabaina, txertoaren eraginkortasun handia espero den arren, "denbora asko beharko da populazio immunearen kopurua nabarmena izateko, eta gaur egun ezarrita dauden neurri murriztaileak alde batera utzi ahal izateko", hori dela eta, "Gabonetan ere zuhurtziaz jokatzeko" eskatu dute, une honetan indarrean dauden "prebentzioko arauak lasaitzea saihesteko".

Bestalde, "txertoak eragin ditzakeen sintomei beldurrik ez izateko deia" egin du Bizkaiko Medikuen Elkargoak (BME), ondoeza sor dezaketen sintoma batzuk izan badaitezke ere, "ez liratekeelako SARS CoV-2 birusaren ondorioz izan litezkeenak bezain kaltegarriak".

Bizkaiko Medikuen Elkargok ohar batean azaldu duenez, behin komunitate zientifikoak bermatuta eta Sendagaien Europako Agentziak baimenduta, covid-19aren aurkako txertoak "gainerako txertoek dituzten segurtasun-berme berberak" betetzen dituela esan daiteke, eta, beraz, herritarrek beste edozein txerto jartzeko orduan duten lasaitasun berarekin joan beharko lukete hitzordu horretara".

Testuinguru horretan, "birusaren aurkako ahotsek diotenari kasurik ez egiteko" eskatu die Bizkaiko Medikuen Elkargoak herritarrei. Hortaz, "sinesmenetik abiatu ohi diren ebidentzia zientifikorik gabeko argudioei sinesgarritasunik ez emateko" eskatu die.

Halaber, Bizkaiko Medikuen Elkargoaren iritziz, "oinarririk gabeko albiste faltsuei kasu egiteagatik edo beste pertsona batzuek txertoa jarri arte itxaroteagatik txertorik ez hartzea erabakitzeak pandemia kontrolpean izateko beharrezkoa den talde-immunitatea lortzea atzeratzen du". Bizkaiko medikuen arabera, elkartasunik gabeko jarrera horrek ondorio hauek izango lituzke: heriotza gehiago, osasun-sisteman presio handiagoa eta herrialdearen egoera ekonomikoa larriagotzea, horrek gero eta familia gehiagorengan izango lituzkeen ondorioekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea