Gizartea -

Koronabirusa

Urtezahar-gauerako neurriak zorroztu ditu Nafarroak

Bi elkarbizitza talde ezberdineko sei pertsona elkartu ahal izango dira mahai inguruan gehienez, eta etxeratze-agindua 23:00etan izango da. Gainera, Foru Erkidegoaren mugek itxita jarraituko dute

Iruñeko tren geltokia. Argazkia: EFE
Iruñeko tren geltokia. Argazkia: EFE
Iruñeko tren geltokia. Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak ez ditu urte bukaeran covid-19ari aurre egiteko neurriak erlaxatuko, azken egunetako bilakaera epidemiologikoa ikusita. Egunean 100 positibo berriak gainditzen ari dira berriro Foru Erkidegoan.

Horrela, bi elkarbizitza talde ezberdineko sei pertsona elkartu ahal izango dira mahai inguruan gehienez, eta etxeratze-agindua 23:00etan izango da. Gainera, Foru Erkidegoaren mugek itxita jarraituko dute, Nafarroako Gobernuak baieztatu duenez.

Presidentearen Foru Dekretua argitaratuko dute astelehenean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Bestalde, ostalaritza, saltoki, ikuskizun, adinekoen egoitza edo kirol praktika mugatzeko aforoak eta murrizketak ez dituzte oraingoz aldatuko.

Azken egunetan covid-19 positibo berriak areagotu direla antzeman du Osasun Departamentuak, "eta kezkagarriagoa dena, goranzko joera argia eta bistakoa da", iturriek azaldu dutenez.

"Goranzko joera argia eta bistakoa da"

Intzidentziak behea jo zuen abenduaren 11an, 100.000 biztanleko 179 positiborekin, baina abenduaren 24an 190 kasu berri ziren jadanik, eta larunbat honetan 200 inguru.

Era berean, PCR proben positibotasun indizea % 3,3koa zen abenduaren 22an, % 5,3ko 24an eta % 7,1ekoa atzo.

Bestalde, oinarrizko indizeak (Rt) gora egin du, kutsatu batek eragiten dituen kasu berriak, alegia. Hilabete erdialdera 0,67koa zen, eta abenduaren 23an 0,92koa.

Adierazle epidemiologiko nagusiek okerrera egin dutela ikusita, urte bukaerarako aurreikusita zituen salbuespenak kentzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, osasun arduradunek proposatu ostean. Helburua kutsatzeak "ahalik eta gehien" prebenitzea eta "Eguberri osteko balizko olatu berriari aurrea hartzea" da.

Osasun Departamentuak ohartarazi duenez, hirugarren olatu batek "ondorio larriak" izan ditzake heriotzetan, osasun sisteman eragin eta beste beharrizan eta patologia batzuk artatzeko orduan, baita ondorioak ekonomian eta bizitza sozialean ere. Nafarroan egoerak okerrera egiten baldin badu, "negozioak berriz itxi, aforoak berriro mugatu eta atzean utzitako murrizketa berrezartzea" beharrezkoa izan daitekeela gogorarazi dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Alarma egoera Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea