Gizartea -

Eguraldia

Alerta laranja astelehenera arte kostaldean olatuengatik, eta abisu horia haizeagatik

Horrez gain, astelehenean ere abisu horia ezarriko dute elurragatik, goizaldean elur-kota 1.000 metrotik 700 metrora edo 800 metrora jaitsiko baita.

Olatu handiak Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
Olatu handiak Donostian
Olatu handiak Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du olatu handiengatik, eta astelehenera arte egongo da indarrean; izan ere, zazpi metrorainoko olatuak espero dira.

Igandean, olatuen altuera sei edo zazpi metrokoa izango da, eta mendebaldeko haizeak itsaso zakarra eragingo du euskal kostaldean. Hori dela eta, larunbat honetan, 21:00etatik aurrera alerta laranja bat ezarriko dute lehen bi milietan.

Horrez gain, Segurtasun Sailak abisu horiak ezarriko ditu barnealdean, izotzagatik eta haizeagatik, hain zuzen ere. Ildo horretatik, haizeak 120 km/h-ko abiadura har lezake gauean haizeguneetan, eta 80 km/h-koa haizeguneetatik kanpo.

Astelehenean, bi alerta laranja ezarriko dituzte kostaldean, olatuek talka egin dezaketelako (batez ere itsasgoretan, 03:20ean eta 15:39an) eta nabigaziorako arriskuagatik lehen bi milietan (zazpi metrora arteko olatuak espero baitira).

Elurragatik ere abisu horia ezarriko dute barnealdean, elur-kota 1.000 metrotik 700-800 metrora jaitsiko baita, eta noizbehinka 600 metrora, ekaitz guneetan batez ere. Eguerditik aurrera, berriz, 800 edo 1.000 metroraino igo daiteke elur-kota, eta azken orduan eta goizaldean ekaitzak jo dezake.

Testuinguru horretan, 5 eta 30 zentimetro arteko lodiera metatzea espero da 1.000 metroko altueran, eta 5 zentimetroko altueran, gehienez, 600 metroan.

Gainera, 21:00ak arte, haizeguneetan, eta 12:00etatik 18:00etara bitartean, abisu horia egongo da haizeagatik; izan ere, 100 kilometro orduko ufadak eta 90 kilometro baino gehiagoko ufadak izan litezke, hurrenez hurren. Haizearen intentsitatea handiagoa izango da kostaldean.

Nafarroako erdialdean eta Pirinioetan elurragatik abisu horia ezarri du Estatuko Meteorologia Agentziak iganderako eta astelehenerako. Foru Erkidegoko erdialdean 3 zentimetroko elur geruza pilatuko da 700-00 metrotan. Nafarroako Pirinioetan, elur kota berdinean 5 zentimetroko geruza pilatzea espero da.

Bestalde, Foru Erkidegoko Kantauri isurialdean abisu horia haizeagatik izango da igandean zein astelehenean. 70 kilometro orduko ufadak espero dira.

Azkenik, Pirinio Atlantikoetako Prefetak euskal kostaldean olatu handiak izango direla ohartarazi du. Meteo Francek iragarri duenez, Bella borraskak “olatu handiak eragingo ditu igandean”.

Sud Ouest-ek jakitera eman duenez, Pirinio Atlantikoetako Prefetak euskal kostaldean maila horia jarri du. Igande arratsaldeko itsasgora 15:02an izango da.

Euskal kostaldea gogor astinduko dute olatuek astelehen goizaldean, itsasgora 3:21ean izango baita. Orduan 6 metroko olatuak izango dira kostaldetik hurbil, eta urrunago 8-9 metrokoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak