Gizartea -
TRADUCTOR
Jaurlaritzak Itzuli + publikatu du, itzultzaile neuronalaren tresna berria
3.700 erabiltzailek baino gehiagok deskargatu dute dagoeneko luzapen berria. Edozein web-orritatik euskarazko eta gaztelaniazko testuak itzultzen ditu eta horiek entzuteko aukera ematen du.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak Itzuli + luzapen berria atera du, Itzuli itzultzaile automatikoari lotzeko. Horrela, tresnen katalogoa zabaldu du, testuak errazago eta hobeto itzultzeko.
3.700 erabiltzailek baino gehiagok deskargatu dute dagoeneko. Gainera, itzultzaileak itzulitako testua eta jatorrizkoa entzuteko aukera ematen dio erabiltzaileari. Horrek "aukera interesgarria" ematen du interprete-lanetan eta ikusmen-desgaitasuna edo dislexia duten pertsonentzat.
Itzuli + tresnak Interneteko zenbait baliabide erreminta bakar batean batu ditu: Itzuli itzultzaile neuronala, hiru hiztegi (Elhuyar, Morris eta Collins), euskarazko Wikipedia eta ahots sintesia.
Itzuli + Firefox eta Chromerako sortu da, eta automatikoki lotzen da Itzuli itzultzailearekin. Hainbat hiztegirekin (baita alemanezkoekin ere) eta Wikipediarekin ere konektatzeko aukera ematen du. Erraz erabiltzen da, modu intuitiboan: web-orri bateko sarreran paragrafo bat edo gehiago aukeratu, Itzuli ikonoan klik egin, eta itzulpen automatikoa eskaintzen du. Beta aukera sakatuz gero, testu itzulia entzun daiteke.
Tresna berria Itzuli itzultzaile neuronalatik eratortzen da. Adimen artifizialetik abiatutako eta herritarrei zuzenduriko Eusko Jaurlaritzaren lehen proiektua da. Zerbitzu honek kalitatezko itzulpenak egiteko aukera ematen du, honako hizkuntza-konbinazioetan: euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa (eta alderantziz).
Itzuli itzultzaile neuronala
2019an abiarazi zenetik, Itzulik erabilera zabala izan du herritarren artean. 2020an 40 milioi kontsulta edo itzulpen zerbitzu baino gehiago eskaini ditu. Zehazki, iazko urritik aurtengo azarora arte 41.158.630 kontsulta izan ditu.
Itzultzaile neuronala hainbat urtetako lanaren emaitza izan da, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 20 urtez bildutako itzulpen-memoriak erabiliz ezarri da. Itzulpengintzan, euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara egindakoan batez ere, pilatutako eskarmentu handiari esker oso datu-base terminologiko eta linguistiko zabala lortu da.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 20 urte daramatza itzulpen-memoriak sortzen. Horri esker, 10 milioi segmentutik gorako datu-baseak ditu, itzuliak, berrikusiak eta eguneratuak; ondorioz, Itzulik "kalitate handia" lortu du.