Gizartea -

Koronabirusa

Covid-19aren aurkako txertoa jartzen hasi dira Nafarroako langile soziosanitarioei

Lehen dosia jaso ondoren, langile batzuek txertoa jartzeko eskatu diete gainerako profesionalei eta herritarrei. Virginia Uriz izan da txertoa jaso duen osasun arloko lehen langilea.

Covid-19aren aurkako txertoaren dosi batzuk, Nafarroan. Argazkia: @DelegGobNavarra
Covid-19aren aurkako txertoaren dosi batzuk, Nafarroan.
Zahar-etxeetako 280 bat langileri txertoa jarri zaie arratsaldean Nafarroan

1:33

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako zahar-etxeetan lan egiten duten langile soziosanitarioei covid-19aren aurkako txertoa jartzen hasi dira astearte honetan. Gauzak horrela, Foru Erkidegoko adineko pertsonentzako hainbat zentrotan lan egiten duten langileek koronabirusaren aurkako txertaketa kanpainari ekin diote gaur, Iruñeko Refena erakustazokan eta hainbat zahar-etxeetan.

Covid-19aren aurkako txertoaren lehen dosia jaso ondoren, horietako langile batzuek txertoa jartzeko eskatu diete gainerako profesionalei eta herritarrei. Testuinguru horretan, txertoa jaso duen lehen profesionala El Vergel egoitzako langile bat izan da; Virginia Uriz, hain zuzen ere. Kazetariei adierazi dienez, "guztiok txertoa hartzea izango litzateke egokiena talde-immunitatea lortzeko, baina bakoitzaren erabakia errespetagarria da".

Halaber, Beatriz Arraras Hidalgo El Vergeleko langileak azaldu duenez, txertoa jartzeko unean ez du apartekorik ezer nabaritu, "ziztada normala" izan baita. "Txertoa hartzeko gogo handia nuen", gaineratu du. Txertoa jarri nahi ez duten langile zein herritarren inguruan galdetuta, "erabaki oro errespetagarria" dela nabarmendu du, "bakoitzak bere iritzia duelako eta txertoa hartzea borondatezkoa delako".

Gauzak horrela, txertaketa kanpainari esker, pandemiaren "amaieraren hasiera" gertuago dagoela nabarmendu du, eta azken hilabeteetako egoera "nahiko itogarria" izan dela onartu du. Izan ere, osasun arloko langileek "kezka handia" izan dute "lanean ez kutsatzeko eta ingurukoak ere ez kutsatzeko".

Andrea Blanco ere txertaketa-lanetan aritu da Iruñeko Refena erakustazokan. Hain zuzen ere, koronabirusaren aurkako lehen dosia jarri zuen berak Nafarroan igandean. Halaber, pandemiaren hasieran, Foru Erkidegoan emaitza positiboa izan zuen lehen PCR testa egin zuen. Hori dela eta, bere esanetan, "une hunkigarria" izan da gaur bizi izandakoa.

Bere esanetan, "bi une oso desberdin bizi izan dira; alde batetik, PCR probetan positibo eman zuen lehen gaixoa ospitalera eraman behar izan genuenean ziurgabetasuna eta beldurra ziren nagusi. Orain, berriz, txertoa jartzea zirraragarria da, eta badirudi pandemiaren amaieraren hasiera dela, egoera honen amaieran argia ikusten hasi garela".

Nafarroan gaur ekin diote berriro txertaketari. Goizean, El Mirador eta Infanta Elena zentroetan jarri dituzte txertoak; arratsaldean, berriz, Refena erakustazokan. Gaur 429 pertsonari txertoa jartzea aurreikusi dute, eta, horietatik, 280 arratsaldean Refenan txertatu dituzten langileak izan dira.

Carlos Artundo Nafarroako Osasun zuzendari nagusiak, bere aldetik, koronabirusaren aurkako txertoa jartzeko deia egin du "interes pertsonaleko eta erantzukizun sozialeko" ariketa bikoitz gisa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa