Gizartea -

GIZARTE ZERBITZUAK

Getxo, Zarautz eta Bilbo 34 Udal bikainen artean daude gizarte zerbitzuengatik

Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkartearen urteko azterketak bikaintzat jo du EAEko hiru Udalerriek gizarte zerbitzuetan egindako inbertsioa.

Zarautz. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Zarautz.
Zarautz. EITBren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaian, Bilbo eta Getxoko Udalek eta Gipuzkoan Zarautzekoak bikain kalifikazioa lortu duten Estatu osoko 34 Udalerrien artean daude, gizarte zerbitzuetan egindako inbertsioagatik.

Horrela ageri da Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkartearen urteko azterketan, 20.000 biztanletik gorako 384 Udalek 2019ko aurrekontuaren likidazioa Ogasunari bidali dioten datuekin.

Kontuak aztertu ondoren, txostenak hiru taldetan banatu ditu Udalak, gizarte zerbitzuen arabera: bikainak, pobreak eta prekarioak.

EAEko hiru Udalerri sartu dira kategoria bikainean, biztanleko eta urteko diru gehien bideratzen baitute gizarte-zerbitzuetara. Getxo da zerrendaburua; ondoren, Zarautz eta Bilbo.

Getxok 13,6 milioi euro inbertitu zituen azken urtean gizarte zerbitzuetan, hau da, 174,5 euro biztanle bakoitzeko. Zarautzek 4 milioi euro inbertitu zituen, hau da, 171,6 euro biztanle bakoitzeko. Eta Bilbok 56,4 milioi inbertitu zituen, 162,6 euro biztanle bakoitzeko.

Gastu sozialari dagokionez, EAE da Udal bikain gehien dituen hirugarren erkidegoa. Zerrendaren lehenengo postuetan hauek daude:  Andaluzia ( 14 Udalerri), Katalunia (7), EAE (3) eta Aragoi (2). Asturiasek, Kantabriak, Extremadurak, Murtziak, Nafarroak eta Errioxak ez dute bikaintasun-irizpide horiek betetzen dituen Udalerririk.

Honako hauek dira irizpideak: "Gizarte Zerbitzuetan eta Gizarte Sustapenean" biztanleko/urteko 100 euro baino gehiagoko gastua egiaztatua izatea; 2020an aurrekontua murriztu ez izana 2019ko likidazioaren aldean, Udalaren guztizko aurrekontu ez-finantzarioaren % 10 izatea gutxienez; eta azkenik, Udalaren webguneko Gardentasun Atarian alderatu ahal izatea.

Udalerriei dagokienez, Alcala la Real (Jaen) da inbertsio sozialaren zerrendaburua (237 euro biztanleko), atzetik Bartzelona eta Esparraguera (Bartzelona) (196 euro) eta Getxo (174 euro) hirugarren postuan kokatu da. Zarautz seigarren postuan dago eta Bilbo, zazpigarrenean.

EAEk ez du Udalerri bakar bat ere pobre edo prekarioen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Politika Bilbo Getxo Bizkaia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Zarautz Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak