Gizartea -

Uholdeak

Izagirre: 'Uholdeen aurreko larrialdi planean gabeziak izan ziren’

Udalak larrialdietarako plana berriz aztertu eta hobetuko duela esan du. Bestalde, etxera itzuli ezin diren Martuteneko eta Txomin Eneko 30 auzokideei ostatua emango diela iragarri du.

Txomin Eneako kaltetuekin bildu da Donostiako alkatea

01:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalak larrialdietarako plana berriz aztertu eta hobetuko duela esan du. Bestalde, etxera itzuli ezin diren Martuteneko eta Txomin Eneko 30 auzokideei ostatua emango diela iragarri du.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen hitzetan, joan den asteburuko uhaldeen aurrean Martutenen eta Txomin Enean abian jarritako Larrialdietarako Udal Planak gabeziak izan zituen; ildo horretan, plana berraztertu eta hobetzeko konpromisoa hartu du.

Donostian egindako prentsaurreko batean, Izagirrek esan du 50.000 euro gorde dituela birgaitze lanetarako eta beste diru kopuru bat sortu litezkeen larrialdietarako gastuentzat.

Udal Gobernuak autokritika egin du; izan ere, Izagirreren hitzetan, "bere burua babestuta sentitu ez duen pertsona bakarra porrot bat izan da". Hori dela eta, larrialdietarako plana berraztertu eta hobetuko dutela esan du. Izagirrek azaldu duenez, 30 pertsona ezin dira etxera itzuli eta ostatu emango diete, pisuetan; horretarako, bi taldetan banatuko dituzte. Alde batetik, talde bati hilabete bat edo bi hilabetez emango diete ostatu, beren etxeetako birgaitze lanak bukatu bitartean. Bestetik, Txomin Eneko auzokideei (uholdeak izan baino lehen, beren etxeak eraitsi egin behar zirela erabaki zuten) hiru edo lau hilabetez emango zaie ostatua, behin betiko etxe bat aurkitu arte.

Halaber, Izagirrek iragarri duenez, Martuteneko informazio bulegoaz gain, beste bat zabalduko dute Txomin Enean. Bertan, Udalinfoko pertsona bat, Gizarte Langintzako pertsona bat, hirigintzako teknikari bat eta aholkulari juridiko bat izango dira, batez ere, asegururik ez duten pertsonei laguntza emateko.

Bestalde, Urumea ibaiaren arazoei aurre egiteko plana eskatuko diete gainerako erakundeei. Horretarako, adierazpen instituzionala egingo dute osoko bilkurara eramateko.

Ongintzako jaialdia

Bestalde, zenbait musika taldek Txomin Eneko eta Martuteneko auzokideei laguntzeko kontzertua emateko asmoa dutela iragarri du alkateak; "dirua lortzeko jaialdi antzeko bat izango litzateke, baina, halaber, kaltedun herritarrek gertu gaudela sentitzeko".

Halaber, Realeko jokalariak beren laguntza eskaini diote Udalari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea