Gizartea -
KORONABIRUSA
Kultur ekimenak ez dira urtarrilaren 7an itzuliko Ipar Euskal Herrira
Zinemak, antzokiak, kontzertuak... datorren astean berrekitekok baziren ere, koronabirusaren datuak ikusita, irekiera atzeratzea erabaki du Frantziako Gobernuak.
AITOR SAGARZAZU | EITB MEDIA
Ipar Euskal Herrian, kulturaren mundua itxita dago konfinamenduaz geroztik, eta, momentuz, hala jarraitu beharko du. Frantziako Gobernuak zinemak eta antzokiak irekitzeko asmoa zuen hurrengo astean, baina koronabirusaren datuek hobera egiten ez dutenez, egungo neurriak mantentzea erabaki dute. Hala aurreratu du Gabriel Attal Frantziako Gobernuaren bozeramaileak.
Urtarrilaren 7an irekitzekotan ziren Iparraldeko zinema eta antzokiak, baina, iragarpen honen ondoren, itxaron beharrean daude, berriz ere. Kulturaren munduak ez du erabakia ulertzen, eta horixe esan dio Jurgi Ekiza Willis Drumond taldeko musikariak Euskadi Irratiari. Haserre daude musikariak. Izan ere, hasiera batean, kultur ekimenak konfinamendua pasa eta Gabonen aurretik hastekoak baziren ere, gero, urtarrilaren 7ra igaro zen data hori, eta orain, ziurgabetasuna da nagusi.Gainera, ez da neurri berririk hartuko koronabirusaren datuek hobera egiten duten arte.
Macron presidenteak eguneko 5.000 kasuko langa jarri zuen aurrerapausoa eman eta kultura itzuli ahal izateko. Atzo bertan, ordea, ia 20.000 positibo berri atzeman zituzten Frantzian.