Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Donostian bi adingaberi sexu abusua egiten saiatzeagatik

Erasoa Gipuzkoako hiriburuko erdigunean jazo zen, atzo gauean. Atxilotutakoa, 31 urteko gizonezkoa, gaur eramango dute Donostiako guardiako epaitegira.

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo gauean, Donostian, bi adingaberi sexu abusua egiten saiatzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Erasoa 21:00ak aldera izan zen, Donostiako erdiguneko kale batean. Neska-mutil talde batek Ertzaintzako patruila baten laguntza eskatu zuen. Une horretan, inguruan zegoen gizon batek presaka alde egin zuen tokitik agenteak ikusi zituenean.

Ertzainek gizona geldiarazi eta identifikatu zuten. Bitartean, bi gazteren eta zenbait lekukoren testigantzak jaso zituzten. Horien arabera, gizonezkoa gazteengana hurbildu eta neska adingabeak jazartzen hasi zen. Nesketako bat musukatzen eta beso batetik heltzen saiatu zen, eta beste bati besotik oratu eta tira egin zion, baina neskak askatzea eta alde egitea lortu zuen.

Lekukotzak oinarri hartuta, Ertzaintzak identifikatutako gizonezkoa atxilotu zuen, adingabeen aurkako sexu abusua egiten saiatzea leporatuta. Atxilotutakoa gaur eramango dute Donostiako guardiako epaitegira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Ertzaintza Indarkeria matxista gaur Gipuzkoa Delituak bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Matxismoa EAEko Autonomia Estatutua Sexu erasoak Gazteak gaur