Gizartea -

Eguraldia

Espero baino arinagoa izan da Filomenaren bisita Euskal Herrira

Tuteran hainbat urtez ikusi ez den bezalako elur jasa bizi izan dute baina elurrak, oro har, ez du arazo handirik eragin ez Nafarroako ezta EAEko errepideetan ere.

Lanean, Tuteran. Argazkia: Alejandro Toquero, Tuterako alkatea
Lanean, Tuteran.
Nafarroako Erriberatik eta Arabar Errioxatik sartu da Filomena ekaitza Euskal Herrian

1:33

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreikusita zegoen bezala, gaur goizaldean iritsi da elurra Nafarroako Erriberara, baita Arabara ere, eta segituan zuritu ditu. Tuteran, adibidez, 02:00etan hasi da elurra eta 08:30erako 5 zentimetro pilatu dira. Eguerdian, berriz, 10 zentimetro zeuden jada eta arratsaldean 12 zentimetro ere neurtu dituzte.

Udaleko langileak makinak eta lanabesak hartu eta buru-belarri aritu dira lanean, elurra kentzen eta gatza zabaltzen, ahalik eta arazo gutxien izan daitezen, eta Tuterako Udaltzaingoak ere hainbat kale itxi ditu, arriskuak saihesteko. Datozen orduetan elurrak hiria zuritzen jarraituko duela ikusita, Alejandro Toquero alkateak "kontu handiz" jokatzeko eskatu die herritarrei, eta "ahal den neurrian gaur eta bihar autoa saihesteko".

Gainera, A-68, Ebroko autobidea, itxita dago kamioientzat Zaragozarako norankoan, Aragoi aldean pilatu den elurragatik.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, dena dela, ez dago arazo nabarmenik Erriberako errepideetan, baina bai gorago: kateak behar dira NA-137 errepidean (Burgi-Isaba-Iparraldea) 45. kilometrotik (Belaguako portuaren hasiera), izotz plakak eta haize gogorra baitaude.

Egunak aurrera egin ahala, iparralderuntz egin du denboraleak eta Nafarroa osora hedatu da. Zangotzan, esate baterako, 07:00ak aldera ikusi dituzte lehen malutak eta eguerdirako zuritzen hasita zeuden Tafalla eta Iruñea. Arratsaldean normaltasunez ibili dira Iruñea aldeko autobusak baina arazotxo batzuk izan dira 23 linean Ollokin eta 6 eta 9an (UPNA).

Gogoan izan behar da Nafarroa erdialde osoa eta Erribera alerta laranjan direla asteburu osoan, elurra gozo egingo duelako. Ondorioz, Foru Gobernuak protokoloak aktibatu ditu eta eta herritarrei "alferrikako mugimenduak" saihesteko eskatu die, baita erosketak aurreratzeko ere. Iruñeko Udalak ere elurteei aurre egiteko plana jarri du martxan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Araba hegoaldetik sartu da Filomena

Arabako lautadatik sartu da Filomena depresioa Euskal Autonomia Erkidegoan, eta goizak aurrera egin ahala, elurteak zabaltzen joan dira.

Eguerditik aurrera prezipitazioa ia denera iritsi da eta elurra egingo du arratsaldean zehar, barnealdean batez ere. Dena dela, iragarpenak ez dira bete, eta hondartzak ez dira zuritu.

Hala ere, iragarpena kontuan hartuta -abisu horia indarrean dago bihar ere-, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek indarean izango dituzte elurrarentzako jarritako plan bereziak.

Une honetan ez dago arazorik EAEko errepide sare nagusian, baina Urduñako mendatea, Azurki, Herrera, Karabieta zein Elosuako mendateak itxita daude, elurra eta izotza direla eta; eta kateak behar dira Opakuan eta Bernedon. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kontuz gidatzea gomendatu du.

Zure interesekoa izan daiteke: Elurrarekin eta izotzarekin gidatzeko gomendioak

Bihar, igandea, hotz handia egingo du, baina prezipitazioak askoz urriagoak izango dira. Elur-kota 300-500 metro artean izango da (200 goizealdean eta gauean). Iparraldeko eta ipar-ekialdeko haize hotza ibiliko da eta zeropeko balioekin jarraituko dugu lurraldearen eremu zabal batean.

RENFEk bertan behera utzi ditu Madrilera doazen eta Madrildik datozen tren guztiak eta gauza bera Bartzelonako birekin

Ostiral arratsalde-gauean Madrilen eta inguruetan elurrak eragindako kaosa dela eta, RENFEk bertan behera utzi ditu larunbat honetan Madrilera doazen tren guztiak. Andaluziatik Kataluniara doazen zerbitzuak ere bertan behera utzi ditu.

Gainera, eguraldi txarra dela eta, 530 Bartzelona-Donostia eta 532 Bilbo-Bartzelona distantzia luzeko trenak ez dira ibiliko, Adifek jakitera eman duenez.

Madrilgo Erkidegoa elurrez estalita esnatu da larunbat honetan, mugikortasuna eragotziz erkidego osoan, baita hiriburuan ere; Barajasko aireportuak bertan behera utzi behar izan du jarduera egun osorako, EMTko autobusek ezin dute zirkulatu, metroan unean uneko mozketak daude eta ibilgailuak kateekin baino ezin dira mugitu.

Larrialdi zerbitzuek elurragatik harrapatuta zeuden 1.500 pertsona erreskatatu dituzte Madrilgo errepideetan bakarrik, eta 112 zerbitzuak "behar-beharrezkoa" ez bada autorik ez hartzeko eskatu du. Hartu behar izanez gero, kateak erabiltzea derrigorrezkoa da.

Astelehen eta asteartean itxita egongo dira Madrilgozein Gaztela Mantxako eskola, unibertsitate eta ikastetxe guztiak.

Bestalde, Guadalajarako errepideak kolapsatuta daude eta 1.300 kamioi baino gehiago aparkatuta geratu behar dira horretarako prestatutako gune berezietan eta gauza bera gertatu zaie Aragoin, beste 1.400 kamioiri ere. 3.400 kamioi baino gehiago geldirik daude Gaztela Mantxan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Alerta meteorologikoak argazkiak EAE Eguraldia Bilbao Gizartea Elurra bideoak Eguneko albisteak Albisteak Hotz polarraren bolada