Gizartea -

Albiste faltsuak

Gezurra da Vatikanoan izandako itzalaldi batean aita santua atxilotu dutela

'Conservative Beaver' izeneko medio ezezagun batek eman du informazioa, eta geroago sare sozialen bidez zabaldu da: "Aita santua atxilotu dute hainbat deliturengatik".

Frantzisko aita santua. EFEren artxiboko irudia
Frantzisko aita santua
Frantzisko aita santua. EFEren artxiboko irudia

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkenaldian bolo-bolo dabiltza mundu mailan fake news izenarekin ezagunak egin diren albiste faltsuak, eta astelehen honetan Frantzisko aita santuari buruzko azken orduko berri bat ibili da sarean, handik gutxira hainbat komunikabidek gezurtatu dutena.

Hain zuzen ere, Conservative Beaver izeneko medio ezezagun batek eman du informazioa, eta, geroago, sare sozialen bidez zabaldu da: Aita santua atxilotu dute, haur pornografiarekin, pertsonen salerosketarekin, drogekin, abusuekin eta ustelkeriarekin lotutako hainbat deliturengatik. Hori gutxi ez eta, haren atxiloketa burutzeko, Vatikanoko argi guztiak itzali dituztela ere jakinarazi du komunikabide horrek, eta gauerdian tiro hotsak entzun direla han.

Dirudienez, Vatikanoko plazatik zuzeneko irudiak ematen dituen webcamean jasotako irudi batzuek piztu zuten zurrumurrua. Izan ere, argiak itzalita zeudela ikusita, nahita egindako itzalaldi bat izan zitekeela zabaldu zuen kazeta horrek, eta gezurra urrutiago eraman nahi izan zutenek indarkeria kasu batekin lotu zuten zurrumurrua.

Hala, #PapaFrancisco, #Bergoglio edo #Vatikano traolen bidez, indarra hartu zuen albiste faltsu horrek, eta, esan bezala, ustezko tiro hotsei buruzko informazioa ere hedatu zuten Twitterren, adibidez.

San Pedro plazako argiak, baina, gauero itzaltzen omen dituzte, eta komunikabideek baieztatu duten kontu bakarra da Fabrizzio Socorsi, aita santuaren sendagilea, hil dela covid-19ak jota. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Aita santua argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Italiako albisteak Albiste faltsuak Erroma gaur Eliza Katolikoa albisteak