Gizartea -

Zubieta

Erraustegiarekin lotuta GuraSOSek ezarritako salaketa ikertzen hasi da Fiskaltza

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) iragarri du GuraSOS auzitara eramatea aztertzen ari dela, aipatu plataformak Zubietako erraustegiaren proiektuari buruz esandakoak entzun ostean.

Zubietako erraustegia. ETBren bideo batetik hartutako irudia
Zubietako erraustegia
Zubietako erraustegia. ETBren bideo batetik hartutako irudia

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

GuraSOSek hala eskatuta, Zubietako erraustegian izandako ustezko irregulartasunak ikertzen hasi da Gipuzkoako Fiskaltza.

Joseba Belaustegi plataformako ordezkariak asteazken honetan Donostian egindako agerraldian eman du Ministerio Publikoaren erabakiaren berri, erraustegia kokatuta dagoen Zubietako kudeaketa zentroan sutea jazo eta ordu gutxira. Belaustegiren hitzetan, azken hilabeteetan bertan gertatu den hirugarren sutea da aipatutakoa.

Prentsaurrekoan, GuraSOSeko ordezkariak azaldu du ikerketaren helburua dela salatutako ekintzen "balizko tipikotasuna" zehaztea, eta horien erantzule izan diren pertsonak identifikatzea.

Zentzu horretan, erantsi du hondakinak kudeatzeko proiektuak ez dituela ingurumena eta segurtasuna bermatu, "arduragabekeria, okultismoa eta mespretxua nagusitu direlako".

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari buruz esan du Fiskaltzari "txosten eta dokumentu asko" bidali beharko dizkiola, argi utziz energia elektrikoaren sorkuntzan eta eraldaketan lan egiten duten instalazioen jarduna legala den ala ez".

Halaber, Belaustegik aurreratu duenez, Fiskaltzak Espainiako Elektrizitate Sareari eskatuko dio Gipuzkoako instalazio elektrikoek horretarako baimenak dituzten argitzea.

GuraSOS auzitara eramatea aztertzen ari da GHK

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) iragarri du GuraSOS auzitara eramatea aztertzen ari dela, aipatu plataformak Zubietako erraustegiaren proiektuari buruz esandakoak entzun ostean.

Belaustegiren agerraldiaren ondotik, hondakinen kontsortzioak ezeztatu egin ditu GuraSOSek egindako adierazpenak, eta ziurtatu du GHK-k beti eman izan diola Gipuzkoako Ingurumen Guneari erraustegian gertatutako gorabeheren berri, alegia, "gardentasunez" jokatu duela.

Era berean, Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidenteak kontsortzioko langileen profesionaltasuna nabarmendu du, eta babesa agertu die GuraSOSek egindako "eraso bidegabeen aurrean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekologia azken ordukoa Kutsadura