Gizartea -
DROGAK
25 atxilotu Nafarroan eta Bizkaian, drogaren aurkako operazio batean
Atxilotuei droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzi diete. Polizia Nazionalak 28 kilo estupefaziente eta 26.000 euro baino gehiago atzeman ditu.
EITB MEDIA
25 pertsona atxilotu dituzte —23 Nafarroan eta bi Bizkaian— "Boxes" operazioaren hirugarren fasean, droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzita. Polizia Nazionalak 28 kilo estupefaziente eta 26.000 euro baino gehiago eskudirutan atzeman ditu.
Ikerketa horren baitan, 2020an ordura arte Estatuan egindako speed konfiskaziorik handiena egin zuten: guztira 175 kilo atzeman zituzten. Orain, kopuru horri 15 kilo gehiago batzen zaizkio.
Nafarroan eta beste autonomia erkidego batzuetan lan egiten zuten eta elkarrekin erlazionatuta zeuden hainbat erakunde desegin dituzte operazioan.
Operazioaren hirugarren fase honetan, 25 pertsona atxilotu dituzte. Horrela, guztira 37 dira orain arte atxilotuak; horietako bederatzi espetxean daude jada.
Poliziak 28 kilo estupefaziente baino gehiago atzeman ditu: 15 kilo speed, sei kilo marihuana, 3,7 kilo kokaina, 1,8 kilo MDMA (estasia), 1,5 kilo haxix, 220 gramo kristal eta bi gramo Tucibi (2C-B). Horrez gain, droga gehiago egiteko bost kilo aitzindari, lau ibilgailu eta 26.000 euro eskudirutan atzeman ditu.
Aurreko faseak
Lehen bi faseak 2020ko ekaina eta urria bitartean egin zituzten, eta Estatuan inoiz konfiskatu den speed kopuru handiena atzeman zuten Nafarroan: 175,5 kilo. Speedarekin batera, besteak beste, 100.000 pilula MDMA, 270 kilo marihuana eta lau kilo baino gehiago estasi kristalizatu atzeman zituzten.
Zortzi pertsona atxilotu zituzten, Estatuko ipar-ekialdeko banaketa kontrolatzen zuen eta Herbeherekin lotura handia zuen erakunde kriminal bateko kideak zirelakoan. Erakundeak herrialde horretatik ekartzen zituen substantziak ibilgailuetan ezkutatuta.
Behin Estatuan sartuta, droga Erriberabeitian banatzen zuten, eta Tuteran zuten elkargunea, gune nagusia. Bertan eman zion Poliziak erakundeari lehen kolpea ekainean, buruzagi nagusietako bat atxilotu baitzuen.
Hurrengo hilabeteetako ikerketek erakundearen funtzionamendua argitu zuten. Ipar-ekialdean droga mota asko banatzen zituen eta Eivissara hedatzeko helburua zuen.
Urrian, hainbat atxiloketa eta miaketa egin ziren; ondorioz, "oso ondo egituratuta eta zereginak argi eta garbi zehaztuta" zituen erakundea desegin zuten. Horrez gain, hirugarren fasea ahalbidetu duen informazio gehiago lortu zuten.
Abenduan egin zituzten azken 25 atxiloketak, eta operazioa amaitutzat eman zuten. Azken esku-hartzeak Iruñean (atxilotuek speeda egiten eta saltzen zuten Nafarroako hiriburuan) eta Bizkaian (bi susmagarri atxilotu zituzten bertan, iparraldetik kokainarekin trafikatzea egotzita) izan dira.