Publizitatea
Itxi

2021/01/15

19:01

Gizartea

Koronabirusa

Osasun-langile eta mendeko batzuek aurreneko txertoak jaso dituzte Nafarroan

EITB Media

Bi talde Etxarri Aranatzera eta Altsasura joan dira, mendekoei, zaintzaileei eta osasun langileei aurreneko dosiak emateko. Datorren astelehenean Ultzaman eta Irurtzunen jarraituko du txertaketak.

1:26
Osasun langileak hasi dira txertoa jasotzen. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Covid-19aren aurkako lehen txertoak jarri dizkie Osasunbideak zenbait osasun-langileri eta mendekori Nafarroan. Mendekoak eta zaintzen dituztenak 7.000 pertsona dira, eta osasun langileak 18.000 profesional.

Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez, bi talde Etxarri Aranatzera eta Altsasura joan dira goizean, mendekoei, zaintzaileei eta osasun langileei aurreneko dosiak emateko.

Etxarri Aranatzen, 80 bat pertsonari txertoa jarri diete, besteak beste, zonaldeko lehen arretako 15 osasun langileri.

Nafarroako DYAren laguntzari esker, 15 mendeko anbulantzian bertaratu dituzte, eta txertoaren lehen dosia jaso dute Etxarri Aranatzen.

Maria Jesus Razkin erizaina eta Marina Jimenez medikua txertoa jasotzen aurrenak izan dira. Biak Etxarri Aranatzeko landa larrialdi zerbitzuko (SUR) kideak dira.

Altsasun 115 pertsonak jaso dute txertoa, besteak beste, mendeko eta zaintzaile nagusi, Josefina Arregui klinikako langile eta zonaldeko lehen arreta zerbitzuko 35 profesionalek.

Datorren astelehenean Ultzaman eta Irurtzunen jarraituko du txertaketak, Leitzan hitzordua dutenak ere bertaratuko dira; eta asteartean Oronoz-Mugairira joango dira txertoa jartzeko.

Aldi berean, txertaketak aurrera jarraitzen du Refenan. Asteburu honetan osasun-langileei 1.200 dosi jartzea aurreikusi dute.

Nafarroako Ospitale Gunean datorren astelehenean hasiko dira txertoa jartzen, eta datorren astean zehar San Juan de Dios Ospitalean, San Miguel Klinikan eta Nafarroako Unibertsitate Klinikan.

Txertaketaren lehen fasean lehen arretako eta ospitaleetako profesionalei txertoa jarriko diete, sare publikoan zein pribatuan, 16.000 profesional baino gehiagori, alegia.

Esparza (Navarra Suma): "Gobernua pandemia modu alderdikoian ari da erabiltzen"

Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak "pandemia modu alderdikoian" erabili izatea leporatu dio Nafarroako Gobernuari; halaber, adierazi duenez, "propaganda politikoko ekintza" izango da Indurainek astebururako iragarritakoa.

Esan duenez, hori "onargarria ere" izan liteke "baldin eta jarri behar diren txertoak jarriko balira": "Baina eskandalua eta lotsagarria da atzetik ez badago ezer; izan ere, Nafarroako gizartea eskandalizatu egiten da esaten zaionean iritsitako txertoen % 13 soilik jarri dituztela".

"Nafarroako gizartea eskandalizatu egiten da, halaber, Osasuneko zuzendari nagusiari entzuten zaionean, orain publikoki, hasiera sinbolikoa izan zela; beste aitzakia bat da, enegarrena, ez baita sinbolikoa lehen astean ia 6.000 txerto izan eta soilik % 13 jartzea", gehitu du.

Esan duenez, "ia 6.000 txerto horiek baliatuz, aukera izango genuen Nafarroa osoko adineko pertsonentzako egoitzetan ditugun nagusien gehienak. Gure nagusiak ahalik eta lasterren babestea ez zen sinbolikoa, funtsezkoa baizik; eta jarraitzen du funtsezkoa izaten", ziurtatu du Esparzak. "Zuentzat, propagandak du lehentasuna, ez txertoak jartzeak", aurpegiratu dio Gobernuari.

Maria Chivite presidenteak ez dio erantzun berarentzat galdera jakin bati, Indurainek egin du. Horrek, Esparzaren iritziz, erakusten du Chivitek ez duela nahi "Osasun kontseilariaren lanaren alde egin; hain zuzen ere, benetan ezinezkoa da horren alde egitea".

"Presidentea kontrol-saiora etorri da, eta Gobernua babesten duten taldeei soilik eman die erantzuna. Horrek argi erakusten du nola uste duzuen dabilela demokrazia, Ganbera hau eta Parlamentu hau mespretxatzen dituzuela, eta, benetan, ez dio laguntzarik ematen Nafarroako garapen demokratikoari, XXI. mendean", esan du. "Ezkutatzea ahultasun-sintoma oso handia delakoan nago", gehitu du Esparzak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena