Gizartea -
Marta del Castillo auzia
'Cuco'ren amak hilketaren gauean semeak etxean lo egin zuela esan du
Epailearen aurreko deklarazioan semea errugabetu du Cucoren amak. Goizeko ordubiak aldera, lanetik etxera heldu zenean, Cuco bere logelan lotan zegoela azpimarratu du.
Erredakzioa
Marta del Castilloren auzia dela eta 'Cuco'ren amak deklaratu du gaur Sevillako Auzitegian. Martaren hilketa jazo zen gauean, 2009ko urtarrilaren 25ean, semeak etxean lo egin zuela azaldu dio epaileari.
Goizeko 02:00ak aldera heldu zen etxera 'Cucoren' ama bere senarrarekin batera, biek lan egiten duten taberna itxi eta kopa bat hartu ostean joan omen ziren etxera. "Bere logelara joan nintzen, musu bat eman nion, logelako atea itxi eta ondoren nire logelara joan nintzen", azaldu du.
Hori horrela, 'Cuco'ren amak esan du Marta ezagutzen zuela, eta urtarrilaren 24 horretan, 15:00 aldera, bere semeak bizikletan etxetik ateratzen ikusi zuela.
Arratsalde horretan bere senarraren tabernan lan egiten egon zela esan du, eta behin taberna itxi zutenean kopa bat hartzera joan zirela gaineratu du; 1:30 edo 2:00 aldera itzuli zirela azaldu du. Semearen logelan sartu zenean lo egiten zegoela ikusi zuen, eta ez zuen berarekin hitz egin, soilik gabon musu bat eman zion.
Volkswagwen Polo ibilgailuaren giltzen harira, lekukoak esan du etxeko giltzekin batera zuela eta etxeko sarreran utzi ohi zituela, baina ez du argitu giltza bera konturatu gabe hartu ote zuten. Baliteke ibilgailu hori Martaren gorpua desagertarazteko erabili izana, dena den, 'Cuco'k eta Samuel Benitezek azken honen osaba baten ibilgailua erabili zutela ziurtatu zuen Miguel Carcañok.