Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gazte bat atxilotu dute Bilbon, neska bati sexu-abusuak egiteagatik
Ustezko erasotzailea eta bost gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Uribarrin. Legez kanpoko festa bat egiten ari ziren eta ertzainei eraso egin diete, lehena identifikatzera joan direnean.
E. L. | EiTB Media
Emakume batek sexu-abusuak salatu ditu gaur goizaldean Bilbon, eta ikerketa hasi ostean, Ertzaintzak usteko erasotzailea eta 19 eta 24 urte arteko beste lau gazte atxilotu ditu. Lehenari sexu-abusuak eta ertzainei eraso egitea leporatzen diote eta beste laurei agenteei eraso egitea. Guztiak legez kanpoko festa bat ospatzen ari ziren lonja batean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
04:50 aldera, neska gazte batek Uribarriko etxe bateko atezain automatiko batera deitu eta laguntza eskatu du, sexu-abusoa jasan duela azalduz, eta etxeko jabeak Ertzaintzari dietu dio. Biktimak kontatu duenez, inguruko etxabe batean festa batean parte hartu du, baina alde egiteko asmoa agertu duenean ez diote utzi. Festan zegoen mutil batek lonjako bazter batera eraman eta sexu-ukituak egin dizkio, bere borondatearen kontra.
Poliziaren patruilak bertaratzean, ahotsak eta musika entzuten zen lokala aurkitu dute. Barruan zortzi mutil eta neska bat zeuden, eta "ertzainen aurrean jarrera oldarkorra azaldu dute".
Horietako batzuek identifikatzeari uko egin diote eta ertzainei eraso egin diete. Hala, lau gizon eta emakume bat atxilotu dituzte, agintaritzaren aurkako delitua egotzita.
Liskarraren ondorioz, bi ertzainek osasun arreta behar izan dute, eta horietako batek baja hartu behar izan du, Segurtasun Sailak azaldu duenez.
Erasotzailea ertzainei aurre egiteagatik atxilotutako bost gazteetako bat da. Horregatik, bi delitu leporatu dizkiote: sexu-abusuak eta agintartzaren aurkako delitua.
Ikerbidea bukatutakoan utziko dituzte epailearen esku atxilotuak.