Gizartea -
IRAGARPENA
Indarrean da abisu horia, haize-bolada handiak espero baitira
Euskalmetek iragarri duenez, giro eguzkitsua izango da astearte honetan EAEn, eta hegoaldeko haizeak bolada oso gogorrak utziko ditu. Abisu horia ostegunera arte luzatuko da.
A. S. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du astearte honetarako 100 km/h-tik gorako haizeteengatik EAEko haizeguneetan, eta ostegunera arte luzatuko du abisua.
Hegoaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute, batez ere mendi inguruetan. Haizeguneetatik kanpo, Bizkaian eta Gipuzkoan haize-boladak 80 km/h-koak izan daitezke.
Hego-haizea zakartzen joango da eta bolada oso gogorrak utziko ditu egunaren amaieran haizeguneetan; ondorioz, tenperatura bizpahiru gradu igoko da isurialde atlantikoan. Maximoak 10 eta 17 gradu artean ibiliko dira eta minimoak 0 eta 7 gradu artean.
Giro eguzkitsua izango dugu egunaren lehen orduetan, baina arratsaldetik aurrera erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira. Ebro ibarreko zenbait tokitan, behe-lainoa iraunkorra izan daiteke, eta eguneko tenperaturari eragingo dio. Ez da baztertzen barnealdean izotza egitea.
Haize-arriskuagatik ezarritako abisu horia berriro indarrean sartuko da da asteazken honetan 00:00etatik 18:00etara, hegoaldeko haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izango baitira haizeguneetan, bereziki Bizkaiko eta Gipuzkoako mendialdeetan eta egunaren lehen zatian.
Gainera, 00:00etatik 12:00etara egongo da indarrean Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneak ez diren lekuetan, hegoaldeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi baitezakete, batez ere Gipuzkoako ekialdean. Bizkaiko mendebaldean, berriz, 90 km/h-koak izan daitezke.
Era berean, ostegun honetan abisu horia ezarriko dute 09:00etatik 21: 00etara. Hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan 80 km/h-ko abiadura har dezakete, batez ere mendebaldeko lekuetan.