Gizartea -

KORONABIRUSA

262 kasu gehiago Nafarroan, murrizketa berriak indarrean sartu diren egunean

Bezperan atzemandako 313 positiboekin alderatuta, kopuruak zertxobait behera egin badu ere, asko igo da duela astebeteko datuekin alderatuta, eta ia bikoiztu duela 14 egunetik.

PCR proba. Argazkia: EFE
PCR proba.
PCR proba. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19an kutsatu kopuruak altua izaten jarraitzen du Nafarroan. Gobernuak eman dituen datuen arabera, zertxobait jaitsi dira kasuak azken 24 orduetan, bezperan izandako 313 kasuak kontuan hartzen badira (azaroaren 6tik ez zen horrelako zenbaki alturik ikusten), baina 250 kasu berritik gora jarraitzen du egoerak. Izan ere, 3.313 PCR eta antigeno test egin ziren atzo Nafarroan, eta horietatik 262k positibo eman zuten, egindako proba guztien %7,55ak, hain zuzen ere.

Goranzko joera nabarmena da duela zazpi eguneko datuarekin alderatuz gero (226 positibo) eta are gehiago duela 14 egunekoarekin alderatuta (182).

Nafarroako Gobernuaren murrizketa berriak indarrean sartu diren eguneko datuak ez dira batere onak, beraz.

Larunbat honetako (urtarrilak 23) 00:00etatik otsailaren 7ra arte ostalaritza-establezimenduen barrualdea itxiko dute, eta eremu pribatuko bilerak bizikidetza-unitate bakar batera mugatuko dira. Komunitatearen itxiera perimetralak bere horretan jarraituko du, eta etxeratze-aginduak 23:00etatik 06:00etara jarraituko du.

Heriotza bat eta 11 ospitaleratze berriak

Gainera, 87 urteko emakume bat hil zen atzo covid-19rekin, eta 11 ospitaleratze izan ziren, horietako hiru ZIUn.

Pandemia hasi zenetik 1.001 pertsona hil dira koronabirusarekin Nafarroan, eta 46.509 kutsatu dira.

Eremuka, Iruñean eta bere eskualdean erregistratu ziren kasu berrien % 58, Lizarraldean, % 12 eta gainerako positiboak ( % 19) beste eremu batzuetan atzeman ziren.

Adin-tarteen arabera, kasu berri gehienak 30-44 urte bitarteko taldean izan ziren ( % 24). Ondoren, 45-59 urte bitartekoen artean ( % 20) , eta ondoren, 15-29 urte bitartekoak eta 60-75 urte bitartekoak ( biak % 18arekin), 15 urtetik beherakoak ( % 15) eta 75 urtetik gorakoak ( % 6) daude.

Gaur egun 196 pertsona daude ospitaleratuta, 26 ZIUn.

1.140 kasu berri eta % 8,4ko tasa EAEn

1.140 covid-19 kasu berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan azken orduetan, aurreko egunean baino positibo bat gutxiago, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak emandako datuen arabera. Larunbat honetako kopurua orain dela aste bat atzemandako datuen ia bikoitza da.

Ostiralean 13.642 proba diagnostiko egin dira. Beraz, positibo tasak apur bat egin du behera, eta % 8,4 da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea