Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gazte bat atxilotu dute Durangon, bikotekide ohiari aurpegian botilakada eman ondoren
Gertakariak ostiralean jazo ziren Erkudi plazan, Durangoko erdialdean. Aho alboan zauriak odoletan zituela topatu zuten biktima.
E. L. | EiTB Media
Ertzaintzak 20 urteko gazte bat atxilotu du Durangon (Bizkaia), genero indarkeria delitua egotzita. Dirudienez, garagardo botila bat aurpegira bota zion bikotekide ohiari, zauriak eginez.
Ertzaintzak gaur jakitera eman duenez, gertakariak ostiralean jazo ziren Erkudi plazan, Durangoko erdialdean.
Ertzainek aho alboan zauriak odoletan zituela topatu zuten biktima. Bikotekide ohia hurbildu zitzaiola, eta iraindu ondoren, kristalezko botila bat aurpegira bota ziola azaldu zuen biktimak. Ondoren erasotzaileak ihes egin zuen.
Anbulantzia batek emakumea Galdakaoko Ospitalera eraman zuen. Bitartean, Ertzaintza, Durangoko Udaltzaingoarekin elkarlanean, gaztea bilatzen hasi zen. Gutxi geroago erasotzailea aurkitu eta atxilotu zuten.