Gizartea -

Istiluak

Ertzaintzaren "jokaera eredugarria" babestu du Eusko Jaurlaritzak

Segurtasun sailburuaren ustez, azken asteetako istilu batzuk "antolatuak" izan dira. Era berean, udalerri batzuetan gertatutako liskarrak “espontaneoak” diren zalantzan jarri du Urkulluk.

Josu Erkoreka. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka.
Josu Erkoreka. Argazkia: EFE

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak ertzainen eta udaltzainen aurkako erasoak gaitzetsi ditu, eta euren babesa adierazi die, "jokaera eredugarriarekin" betetzen dutelako euren "misioa". Esan duenez, azken asteetako istilu batzuk "antolatuak" izan dira.

Lehen lehendakariordeak azken asteetan Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait herritan izandako istiluei buruz hitz egin du. Bart bi ertzain zaurituta eta bi pertsona atxilotuta utzi dituzte istiluek Santurtzin.

"Irmotasun osoz" salatu eta gaitzetsi ditu Ertzaintzak eta Udaltzaingoak osasun neurriak betetzen direla bermatzeko funtzioa betetzen dutela "galarazteko lanean" dauden "taldeen" jarrera "insolidarioa eta  arduragabea". Ohartarazi duenez, jokabide horiek "are onartezinagoak" dira pandemia larriagotzen ari den honetan.

Eusko Jaurlaritzaren babesa helarazi die "beren misioa betetzen ari diren" poliziei, eta "jokaera eredugarria" izaten ari direla esan du. Aurrean "arauak bete nahi ez dituzten pertsonak eta taldeak" dituzte, eta gainera agenteei "aurre egiten dietenak".

Sailburuarentzat istiluak ez dira kale borroka, ez delako "karakterizazioak egiteko" momentua, eta jokabide "antisozialak, insolidarioak eta arduragabeak" direla azpimarratu du.

"Jarrera arduratsuagoak eta neurrizkoak behar dira osasun publikoko agintariek ezarritako arauak betetzeko, ez direlako apeta bat. Europa demokratiko osoan daudenen oso antzekoak dira", esan du.

Erkorekaren ustez, "arduragabekeria" ez dago adin tarte bati lotuta, "pertsonen zintzotasunaren eta beren erantzukizunaren zentzuaren araberakoa baita".

"Badago bere ongizate pertsonala guztien ongiaren gainetik lehenesten duen jendea, eta hori gazteen edo helduen artean eman daiteke", esan du.

Urkullu: "Jokabide horiek bai, elkarbizitzaren eta guztien ongiaren aurkakoak dira. Modu arduragabean, espontaneoki?"

Ildo beretik, Iñigo Urkullu lehendakariak Ertzaintzari eta udaltzaingoei babesa adierazi die, pandemiaren aurrean “osasun publikoa defendatzen ari direlako”. Udalerri batzuetan gertatutako liskarrak “espontaneoak” diren zalantzan jarri du EAEko buruzagiak. Era berean, poliziek “modu profesionalean eta proportzionalean” jardun dutela uste du lehendakariak.

Koronabirusa “osasun krisi egoera” eragiten ari dela gogorarazi du lehendakariak Facebook sare sozialean. “Olatu ezberdinen arteko alderaketak” posibleak ez direla gogorarazi du. Osasun Saileko eta Osakidetzako agintarien irizpideengan “konfiantza osoa” agertu du Urkulluk.

Horregatik, hartutako neurriak “beharrezkoak eta eraginkorrak dira”, baina, deitoratu duenez, “tristuraz eta kezkaz, asteburu honetan udalerri batzuetan gertatutako istiluak eta liskarrak ikusi ditu”.

“Jokabide horiek bai, elkarbizitzaren eta guztien ongiaren aurkakoak dira. Modu arduragabean, espontaneoki?”, galdetu du lehendakariak.

Erasoen errepikapena kritikatu dute Ertzaintzako sindikatuek. Erasoen erantzukizuna Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte EH Bilduko buruzagiei egotzi die ESAN sindikatuak, San Sebastian eguneko istiluetan Ertzaintzaren esku-hartzea kritikatzeagatik.

Ertzainen aurkako “atentatuak” salatu ditu ERNEk, eta “indarkeria babesten” dutenen aurka azaltzeko eskatu die alderdi guztiei. Euspelek lankideei “azkar sendatzea” opa die, eta “indibiduo mota horiek irmo gaitzetsi” ditu.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak poliziei babesa adierazi die. “Nori, Ertzaintzari baino, dagokio aginte printzipioa betetzea?”, galdetu du Itxasok. “Poliziaren jarduerari zilegitasuna kentzeak arriskuak ditu”, ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Santurtzi Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa