Gizartea -

TXERTAKETA

Curevac farmazia-enpresaren txertoa probatzeko parte-hartzaile bila dabil Osakidetza

WhatsApp bidez zabaldu den mezuan 18 urtetik gorako boluntarioak eskatzen dira, txertoa jaso ez dutenak eta covid-19a pasa ez dutenak. VOSTeuskadik testuaren egiazkotasuna berretsi du.

WhatsApp bidez zabaldu den mezua. Argazkia: VostEuskadi
WhatsApp bidez zabaldu den mezua.
WhatsApp bidez zabaldu den mezua. Argazkia: VostEuskadi

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan mezu bat zabaldu da WhatsApp bidez, Osakidetza CureVac enpresa alemanaren txerto berri bat probatzeko boluntario bila dabilela jakinarazteko. VostEuskadi elkarteak Twitter sarean duen kontuan baieztatu duenez, egia da saiakuntza klinikorako boluntario bila dabiltzala.

Duela egun batzuk jakin genuen Osakidetzako Biodonostia eta Biocruces Bizkaia osasun ikerketako institutuak saiakuntza kliniko horretan parte hartzeko hautatuak izan zirela, Curevac farmazia-enpresa alemanak garatu eta sustatutako txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna frogatzeko.

WhatsApp bidez zabaltzen ari den mezuak Gurutzetako Ospitalean egingo den saiakuntza klinikoari egiten dio erreferentzia. Horrela, 18 urtetik gorako boluntarioak eskatzen dituzte, covid-19aren aurkako txertorik jaso ez dutenak eta gaixotasuna pasatu ez dutenak.

Saiakuntzan txertoaren bi dosi emango dituzte, lehenengoaren eta bigarrenaren artean 28 eguneko tartea utzita. Boluntarioak ausaz banatuko dituzte txertoa jasoko duten taldean eta plazeboa (inolako ondoriorik ez duen konposatu bat) jasoko duten kontrol taldean.

Parte-hartzaileei urtebeteko jarraipena egingo diete, bisita medikoen eta telefono deien bidez. Gainera, informazioa erregistratzeko modua erraztuko duen mugikorrerako aplikazio batean sartu ahalko dira. Saiakuntzan parte hartzen dutenek edozein unetan eskatu ahalko dute saiakuntzan parte hartzeari uztea, eta txertoa edo plazeboa jaso duten jakin ahalko dute.

Zabaldutako testuaren arabera, entseguak otsailaren 15ean hasiko dira eta telefonoz deituko dituzte hautatuak hitzordua, eguna eta ordua zehazteko.

Saiakuntza kliniko handia izango da, mundu osoan 30.000 lagunek baino gehiagok hartuko baitute parte bertan; horietako 2.000 inguru EAEk jarriko ditu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak bideoak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Zientzia Osasun albisteak gaur Botikak albisteak Txertoak egutegia COVID kasuak Industria farmazeutikoa