Gizartea -

Koronabirusa

FFP2 maskarak: Noiz erabili, zeintzuk dira abantailak eta desabantailak?

Alemanian eta Austrian derrigorrezkoak dira garraio publikoan eta dendetan. Musuko horien babes maila eta arnasgarritasuna aztertu ditugu, horiek baitira alde on zein txar nagusiak, besteak beste.

FFP2 maskara batzuk. Argazkia: EFE
FFP2 maskara batzuk.
FFP2 maskara batzuk. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak urtea bete du ia, eta maskarak eztabaidagune bihurtu zaizkigu berriro. Positiboen etengabeko igoerak eta batez ere kutsagarriak diren aldaeren (britainiarra eta hegoafrikarra, esaterako) hedatzeak herritarrek erabili beharreko musukoen auzia jarri du berriro mahai gainean. FFP2 motakoen alde egin dute aditu askok eta askok.

Izan ere, Europako zenbait herrialdek, tartean Austriak eta Alemaniak, derrigorrezko egin dituzte FFP2 maskarak dendetan eta garraio publikoan. Frantziako Gobernuak atzo eguneratu zuen maskaren salmenten inguruko politika eta aurrerantzean ezingo dira saldu % 90etik beherako iragazpena dutenak. Hots, Macronen exekutiboaren ustez, maskara kirurgikoak, FFP2ak eta balbularik gabeko FFP3ak dira birusaren kontra babesten duten bakarrak.

Espainiako Estatuan, Osasun Ministerioak musuko higienikoa gomendatzen du osasuntsu dauden pertsonentzat, eta FFP2a, birusarekin harremana dutenentzat edota zaurgarriak direnentzat. Dena dela, erkidego batzuek, Galiziak esaterako, iragarri dute garraio publikoan FFP2ak nahitaezko egiteko "irizpide argiak" eskatuko dizkiotela Sanchezen gobernuari.

Horri erantzunez, Carolina Darias Osasun ministro berriak atzo gogorarazi zuen Estatuan saltzen diren maskara higienikoen babes maila % 90ekoa dela, eta Europako beste herrialde batzuetan dituztenenak baino gehiago babesten dutela.

Zergatik babesten dute gehiago?

FFP motako maskara autoiragazleak (hiru maila daude bakterioak iragazteko duten efizientziaren arabera: FFP1, FFP2 eta FFP3) Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE) dira eta UNE-EN 149 araua bete behar dute. Euren ezaugarriengatik, botika dendetan eta espezializatutako establezimenduetan saltzen dituzte eta 6-8 orduz erabili daitezke. 2021eko urtarriletik EB markatzea dutenak bakarrik saldu daitezke Espainiako Estatuan (KN95 motakoak, FFP2aren baliokideak baina txinatarrak, ezin dira merkaturatu).

FFP2 musukoen iragazteko efizientziaren % 95-98 artekoa behar du izan (efizientzia ertaina dute; FFP3ek, aldiz, handia). Hots, hiruzpalau mikra neurtzen duten bakterien aurrean, gehientsuenak geldiarazi beharko lituzkete. Izan ere, langa edo hesi moduko bat sortzen du balizko arriskuaren eta erabiltzailearen artean, arnasten duen airea iragaziz eta partikula kutsakorrak saihestuz.

Arazoa da koronabirusaren aerosolek 0,3-3 mikra artean neur dezaketela. Aire zabalean, aerosolak sakabanatu egiten dira, eta litekeena da, distantzia mantenduz, partikula handienak bakarrik heltzea gugana. Maskara gehienekin babestuta egongo ginateke.

Espazio itxietan, egoera asko aldatzen da, aerosolak pilatu egiten direlako. Hortaz, gure maskarak zenbat eta iragazteko efizientzia gehiago izan, are babestuago egongo gara.

Halaber, FFP2 motako musukoak ondo doitzen dira aurpegira, eta aerosolei gehiago kosta zaie zeharkatzea. Ez da gauza bera gertatzen hermetikoak ez diren maskarekin, edo ondo jarriak ez daudenekin. Holakoetan aerosolak errazago sartzen dira aldeetatik edo zirrikituetatik.

Una persona compra una FFP2 en la farmacia.

FFP2 maskarak garestiagoak izan ohi dira. Argazkia: EFE

Arnasgarritasuna, desabantailetako bat

Iragazteko efizientziarekin batera, homologatuta dauden maskarek beste irizpide bat izan behar dute kontua: arnasgarritasuna. Indize hori erosotasunaren erakuslea da eta presio diferentzialaren arabera neurtzen da. Hau da, kanpoko airea arnasteko egin behar dugun indarrari egiten dio erreferentzia. Gero eta indar gehiago, altuagoa izango da indize hori, edo bestela esanda, maskararekin arnastea gero eta errazago, txikiagoa. 

Orokorrean, musukoen arnasgarritasuna 60 Pa/cm2 beherakoa izan behar da. Maskara kirurgikoetan 29,4 Pa/cm2 beherakoa izan ohi da, eta higienikoetan, 60 Pa/cm2-ra hel daiteke. FFP2 maskarek arnasgarritasun indize altua dute, eta horregatik, batzuetan kosta egiten zaigu arnasa hartzea.

Beste desabantaila bat prezioa da. Kirurgikoek 0,72 euro kosta daitezke gehienez, eta behin erabiltzeko higienikoak 0,40 eurogatik eros ditzakegu. FFP2 motako musukoen prezioa altuagoa da, saltokiaren arabera, 1,30 eurotik 4 eurora joan daiteke salneurria.

Bada gehiago. Zenbait lekutan derrigorrezko gisa ezarriko balira, ekoizpen arazoak egon litezke, eta balizko hornidura gabetze batek motako horretako maskara behar dituzten taldeak (osasun langileak, esaterako) horiek gabe utz litzake.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Anbulatorioak Maskarak covid-19