Gizartea -
Nafarroako Lurralde Auzitegia
115 urteko zigorra Dana Modelseko arduradunarentzat, emakumeak biluzik grabatzeagatik
Auzipetua eta haren biktimen abokatuak akordio batera iritsi dira gaurko saioan. Eskatutako 115 urteetatik 5 soilik emango ditu espetxean, Kode Penalaren 76. artikulua betez.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Dana Models modelo agentzia zuzentzen zuen gizonari 115 urteko espetxe zigorra ezarri diote 129 emakume baimenik gabe grabatzearren. Bi aldeen arteko akordioa lortu dute gaur bertan abiatu duten epaiketan.
Fiskaltzak 406 urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat 129 emakumeren (tartean, 13 eta 17 urteko bitarteko 48 adingabe) intimitatea urratzeagatik.
Esan bezala, Daniel L.O 36 urteko auzipetua eta haren biktimen abokatuak akordio batera iritsi dira gaurko saioan, eta horri esker zigorra murriztu diote auzipeatuari, bi zirkunstantzia aringarri bete direlako: auziaren atzerapena eta biktimei egindako kalteak aitortzea. Hala, eskatutako 115 urteetatik 5 soilik emango ditu espetxean, Kode Penalaren 76. artikulua betez.
Akordioan, gainera, modeloetako baten adina aldatu behar izan dute. Izan ere, 25 urte zituela jarri zuten hasiera bateko idatzian, baina 15 urte zituen grabazioak gertatu zirenean.
Bestalde, 3.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio auzipetuak adingabeetako bakoitzari. Zazpi emakumeren kasuan, 4.000 eurokoa zango da indemnizazioa, delitu jarraitua egon zelako. Horrez gain, beste bi emakumek 3.000 euroko kalte ordaina jasoko dute askatasun sexualaren aurkako delituagatik.
Gertakariak
Akusazio idatzian fiskalak adierazi xuenez, 2013an, 2014an eta 2015eko otsailera arte, 36 urteko auzipetuak modeloen agentzia bat zuzendu zuen Iruñean. Han, hasiera batean, jantzita zeuden modeloei argazkiak egiten zizkien.
Aurrerago, baina, bainujantzia jartzeko eskatzen zien (modeloak zeuden gela uzten zuen berak orduan). Gela horretatik alde egiten bazuen ere, tripode baten gainean, kamera bat uzten zuen piztuta, arropaz aldatzen zirenean grabatzeko. Neskei ezer esan gabe eta haien baimenik gabe egin zituen grabazio guztiak.
Bainujantzia kendu eta berriro ere haien arropak janzterakoan, prozesu bera burutzen zuen auzipetuak. Modu horretan, 129 modelo gazteren argazkiak lortu zituen (horietako batzuk adingabeak ziren).
Modeloen agentzia eta auzipetuaren etxebizitzak miatu zituztenean, hainbat CD eta DVD aurkitu zituzten, baita disko gogor bat eta zenbait pendrive ere. Horietan modeloen argazkiak eta grabazioak zeuden. Dirudienez, irudi horiek ez zituen interneten edo beste pertsona batzuekin partekatu.
Biktima guztiek salaketa jarri zuten. Dena den, argazkilaria salatu ez duten beste hamahiru emakumeren argazkiak eta bideoak ere aurkitu zituzten.