Gizartea -

Nafarroa

Hainbat biktimak Dana Models agentziako buruari ezarritako epaia kritikatu dute

Aldeen arteko akordioa egon denez, ez zaiela "hitz egiten utzi" esan dute. Halaber, epaiketaren atzerapenaz kexu dira, eta atsekabetuta daude beren kontakizuna kontatu ezin dutelako.

Akusatua joan den astelehenean Iruñeko Probintzia Auzitegian. Argazkia: EFE

Akusatua Iruñeko Probintzia Auzitegian.
Akusatua joan den astelehenean Iruñeko Probintzia Auzitegian. Argazkia: EFE

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dana Models agentziako nagusiaren biktimen modelo talde bat ez dago ados Daniel L.Ori ezarritako zigorrarekin; izan ere, 115 urteko espetxealdira kondenatu dute, eta horietako bost beteko ditu gehienez, aldeen arteko akordioa lortu ostean.

Horietako batek, Andrea A.k, 13 urte zituen gertakariak gertatu zirenean, eta 129 nesketako batzuk legezko ordezkaritzarik gabe zeudela adierazi du; beraz, abokatuek "ez zieten kontsultarik egin biktimei".

Beste batzuek, berriz, komunikabideen bidez izan dute epaiaren berri, balizko akordioaren inguruko informazio maila "hutsaren hurrengoa" izan delako.

Orain taldeka antolatzen saiatzen ari dira, epaia argitaratu ostean mobilizatzeko. Oraingoz, modeloen agentziako buruaren hamar biktimarekin baino gehiagorekin harremanetan jartzea lortu dute, eta ez daude ados bi aldeen arteko akordioarekin.

Sofia Suescun (telebistako realitietan partaidea) izan da epaia errefusatzen lehenetarikoa. Telecincon azaldu duenez, "irudiak grabatzea baino delitu larriagoak" egin zituen harekin. Ildo horretan, esan du "ez dela justiziarik egin, askoz ere handiagoa merezi zuelako".

Gazteak kaltetutako beste emakume batzuk aurkitzen saiatzen ari dira orain, eta, epaiketaren aurretik akordioa lortu dutenez, "hitz egiten utzi ez dietelako" kexatu dira. Halaber, epaiketaren atzerapenaz kexu dira, sei urte ingurukoa, 2015ean biktimetako batek salaketa jarri ostean abiatutako ikerketa batek prozesua piztu zuenetik, taldeko bozeramaile lanetan ari den gazteetako batek azaldu duenez.

 "Bat-batean jakinarazi digute akordio bat lortu dutela, baina ez genekien akordiorako aukera ere bazegoenik"

Beste gazte batek, Andrea D.k, baieztatu du kaltetuek lekukotasuna eman eta haien kontakizuna kontatu nahi zutela. Andreak 15 urte zituen gertakariak jazo zirenean, eta "duela astebete" lekukotza emateko prozeduraren berri eman ziezaioten tematzen hasi zela adierazi du.

"Behin epaiketari data jarri eta zitazioa iritsi zitzaidanean itxaropen pixka bat sentitu nuen, lekukotza eman ahal izateko, behintzat", gaineratu du, baina azkenean ez da gertatu, epaiketa egin ez delako.

Oraindik terapia psikologikoan jarraitzen du "gainditzen saiatzeko, baina buruak ematen duenerako ematen du". "Ez dut asimilatzen", esan du.

"Bat-batean jakinarazi digute akordio bat lortu dutela, baina ez genekien akordiorako aukera ere bazegoenik", adierazi du Andrea D.k EFE albiste-agentziari eskainitako elkarrizketan.

Auzia 140 emakumeri eragiten zien. "Hasieran eta hainbeste salatzaile zeudenez", 129 emakume, "Poliziak berak esan zigun onena salaketa bateratua jartzea zela, lehenbailehen egin ahal izateko". Hala egin zuten arren, epaiketa auzia bideratu eta hiru urtera iritsi da, eta frogatutako azken gertakarietatik (2015eko otsailean gertatu ziren) ia sei urtera.

Epaitegian izandako bidegabeko atzerapena izan da zigorraren murrizketan aplikatutako aringarrietako bat, Daniel Luciak gertakariak aitortzearekin batera; izan ere, 115 urteko kartzela zigorra ezarri diote, baimenik gabe 129 emakume biluzi filmatu eta argazkiak ateratzeagatik, haiekin agentzian geratu ondoren. Agentzia jada itxita dago.

Fiskaltzak 406 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, baina epaiketa egin aurretik bi aldeak akordio batera iritsi ziren, 115 urtera murriztu zuten zigorra, eta bost urte beteko ditu, Zigor Kodearen 76. artikuluaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak