Gizartea -
EUDEL Y EMAKUNDE
Tratu txarren biktimei erreparazioa ematen laguntzeko aitzindaria den gida egin dute
Lehena da Estatu mailan eta EAEko Udaletako politikariei eta teknikariei erreparazio-ikuspegia garatzeko oinarrizko jarraibideak eskaintzen dizkie.
A. S. | EITB MEDIA
Emakumearen Institutuak, Emakundek, eta Euskadiko Udalen Elkarteak, Eudelek, indarkeria matxistaren biktimeei eragindako kaltea erreparatzeko lehen gida egin dute. EAEko udalei zuzendutako tresna hau lehenegoa da Estatu mailan.
EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendari Izaskun Landaidak tresna tekniko bat aurkeztu dute gaur goizean, tokiko erakundeei indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen erreparazioko eskubidea zehazteko eta gauzatzeko, udal eskumeneko esparruaren baitan eta justizia ezartzeko prozesuarekin batera.
Espainiako estatuan ez dago gisa honetako gida didaktikorik. Tresna honen asmoa da, hain gai sentikor eta konplexu baten aurrean, lehen urrats gisa baliagarria izatea udalak, mankomunitateak eta kuadrilak beraien ekintzak berrikusten hasteko. Izan ere, ikuspegi berri honek hausnarketa berria eskatzen du, bai eta prestakuntza zehatza eta ekintzen berrikuspena ere.
Istanbulgo Hitzarmenaren nazioarteko esparruan, erreparazio printzipioak indarkeria matxistaren biktimen eskubideak erreparaziorako arreta eta tokiko jarduketen prozesu osoaren erdigunean jarri behar direla esan nahi du, dauden beharrei eta eskaerei entzunez eta erantzunez.
EUDELen eta Emakunderen ekimenak ikuspegi berritzaile bat eskaintzen du, udal-plangintza laguntzatik eta/edo arretatik harago bideratzea, bizirik iraun duten emakume biktimei eragindako kalteak ikusarazteko eta konpontzeko, bai eta ingurune komunitarioan haien leheneratzea errazteko ere, herritartasun bete aktiboaren izaera berrezarriz. Halaber, balioa eman zaie EAEko udalerrietan indarkeria matxista errepika ez dadin baldintzak eratzeko tokiko prebentzio-programei.
Landaidak emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean euskal erakunde guztiek egindako lan koordinatuari balioa eman dio: "Erakundeen arteko lankidetzan ibilbide luzea egin dugu, eta horri esker, zalantzarik gabe, arreta onena eskaini nahi duten egitura finkatuak ditugu".
Bestalde, Urtaranek azpimarratu duenez, "Tokiko erakundeen esku-hartzea funtsezkoa da, indarkeria matxistak gure udalerrietako emakumeen bizitzaren eta eskubideen aurka egiten baitu".
Gidaren edukia
Gida hiru hizkuntzatan egin da (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), eta argitalpenaren 1.000 ale banatu dira EAEko udalerri guztietan. Dokumentuaren bi bertsio argitaratu dira, bat teknikoagoa eta bestea aplikazio praktikoko funtsezko alderdien laburpen gisa. Biak ala biak EUDELen eta Emakunderen webguneetatik deskarga daitezke.
Estatuaren eta tokian tokiko administrazioen arauekin eta betebeharrekin lotutako gaiak jasotzen ditu dokumentuak eskematikoki, baita biktimei laguntza emateko jarraibideak ere.
Azken atal horretan, Udalek arlo ezberdinetan garatu ditzaketen ekintzen zerrenda azaltzen da: biktimen ordaina bermatzen duten protokoloak eta araudiak idatzi eta onartu behar dituzte, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen arteko asoziazionismoa sustatu behar dute eta biktimekin lotutako neurriak hartu behar dituzte herrian (kaleen eta monumentuen izenak), indarkeria matxistaren errealitatea azaleraziz. Halaber, biktimen eta herriko enpresen artean bitartekari izan behar dira, emakumeek lana bilatzeko orduan erraztasunak izan ditzaten.
Gida horretan, bestalde, herri mailan egin daitezken bestelako egitasmoak biltzen ditu; lan ildo nagusiak, atzemandako beharrizanak eta esperientzia partekatzeko aukera ematen duten telefono zenbakiak zehaztuta.