Publizitatea
Itxi

2021/02/03

21:35

Gizartea

Osasuna

Bruselak 4.000 milioi euro bideratuko ditu minbiziari aurre egiteko

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Munduko kasuen laurdena Europar Batasunean izan dira. Europako Batzordeak minbiziari aurre egiteko plana egin du, helburu zehatzak markatuz.

  • Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioa.

    Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioa. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Munduan atzematen diren minbizia kasuen laurdena Europar Batasunean detektatzen dira, eta 2035erako kasu horiek % 25ko hazkundea izango dutela aurreikusten da. Testuinguru horretan, Europako Batzordeak 4.000 milioi euroko aurrekontua izango duen plan bat iragarri du minbiziari aurre egiteko.

Ursula von der Leyenek presidente kargua hartu zuenean azpimarratu zuen minbiziaren aurkako borroka lehentasunetako bat izango zela, 2020a koronabirusaren pandemiak markatu badu ere.

"Europar Batasuna osasuntsua eta sendoa izan dadin, ekidin daitezkeen minbizia moten aurrean herritarrak babestuta egon behar dira, eta horretarako ezinbestekoak dira aurretiazko detekzioak eta azterketak, eta kalitatezko arreta eskaini behar zaie", adierazi du Stella Kyriakides Osasun komisarioak.

Europako Batzordeak hainbat helburu ezarri ditu, eta horien artean dago giza papilomaren birusa garatzeko aukera duten nesken % 90 2030erako txertatuta egotea.

Gainera, Europako Batzordearen asmoa da lau urtean proba diagnostikoak bermatzea bularreko minbizia eta kolon-ondesteko minbizia garatzeko aukera duten biztanleen % 90i.

Etorkizuneko estrategia horretan, Bruselak proposatu du 2040an tabakoa kontsumitzen duen biztanleria % 5era murriztea; izan ere, gaur egun, minbizi-kasuen % 15-25 ohitura horrekin lotuta daude, eta hori da saihestu daitekeen arrisku-faktore nagusia.

Era berean, EBk alkohol gutxiago edatea sustatu nahi du, Europar Batasunak munduko kontsumo mailarik altuena baitu.

Horrez gain, Europako gobernuak haurren obesitatearen aurkako egungo plana berrikusiko du, fruta eta barazkien kontsumoa sustatzeko eta haragi gorriarena murrizteko.

Tabako- eta alkohol-kontsumoa murrizteko, Bruselak berrikusi egin nahi ditu EBko gutxieneko zergak eta produktu horien mugaz gaindiko erosketenak grabatzen dituzten zuzentarauak. Horretarako, estatu kideen adostasuna lortu beharko du.

Eta tabakoari dagokionez, kerik gabeko guneei buruzko gomendioa berrikusi nahi du, zigarro elektronikoetara zabalduz, eta sare sozialetan komunikazio-kanpainak sustatu, kontsumoaren arriskuez ohartarazteko.          

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena