Gizartea -

Zaldibarko zabortegia

Joaquin Beltran topatu arte zabortegia ez ixteko eskatu du familiak

ETBn egindako elkarrizketa batean, Marta Alvarez familiaren bozeramaileak esan du inoiz ez zutela pentsatu luizia gertatu eta urtebetera egoera berean egongo zirenik. 'Nekatuta' eta 'lur jota' daude.

Marta Alvarez Joaquin Beltranen familiaren bozeramailea. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Marta Alvarez Joaquin Beltranen familiaren bozeramailea.
Joaquin Beltranen gorpua aurkitu arte zabortegia ez zigilatzea eskatzen dute senideek

1:50

GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko otsailaren 6an erori zen Verter Recycling enpresak kudeatzen zuen Zaldibarko zabortegia. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian harrapatu zituen luiziak.

Alberto Sololuzeren gorpuzkiak joan den abuztuan aurkitu zituzten, baina Joaquin Beltranen hilotza topatu ezinik dabiltza urtebete geroago, eta bilaketa-lanak behin betiko amaitutzat emango dituztenaren beldur dira senideak.

ETBk egindako elkarrizketa batean, Marta Alvarez Joaquien Beltranen familiaren bozeramaileak adierazi du buruz, animoz eta emozioz "nekatuta, lur jota eta suntsituta" daudela.

"Pentsamendurik okerrenetan ere inoiz ez nuen imajinatuko urtebete geroago egoera berean egongo ginenik", deitoratu du zabortegia zegoen mendi-magalera begiratzen duen bitartean.

Zorigaiztoko egun hartan, Joaquin Beltranen anaia, lehengusua eta semea ere zabortegian zeuden.

"Unerik gogorrena semearen iritsiera izan zen: negar batean, ibili ezinik eta heroi bat joan zitzaigula esanez heldu zen, eta orduan konturatu ginen dena amaitu zela", gogoratu du.

Hainbat tona lur eta hondakin toxiko behera etorri aurretik, Joaquin Beltranek bere lankideak ohartarazi zituen, handik alde egiteko eskatu zien eta abisu horri esker bizia salbatu zuten.

Fiskaltzak egindako txostenaren arabera, luizia gertatu baino zenbait egun lehenago jakin zuen enpresak zabortegian arrakalak agertu zirela, baina, hala ere, ez zuen jarduera eten eta hondakinak pilatzen jarraitu zuten. Joaquin Beltranek antzeman zituen pitzadurak eta berak ohartarazi zituen buruzagiak.

Hondamendi hura saihestu ote zitekeen galdetuta, Marta Alvarezek esan du litekeena dela, baina orain aurrera begiratu behar dutela.

"Suposatzen dut gauzak beste era batera egin izan baziren, luizia ekin zitekeela, baina gertatu egin zen eta orain aurrera egin behar dugu. Hiru umerengatik eta asko sufritzen ari den ahizpa batengatik borroka egin behar dugu. Aurrera egin dezatela lortu behar dugu eta horretan ari gara", adierazi du malkoari eutsi ezinda.  

Joaquin Beltranen familiak hasieratik eskertu du zabortegian urtebetez bilaketetan ari diren teknikarien eta larrialdi taldeetako profesionalen lana, baina, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak kasu honetan egin duen kudeaketa publikoki kritikatu zuten, nahikoa egiten ari ez zela eta erreskate-lanetan "deskoordinazioa" zegoela iritzita.   

Urtebeteren ondoren, Joaquin Beltranen gorpua agertu arte bilaketari eusteko soilik eskatzen dute, baina agintariek lan horiek betirako bertan behera uzteko eta zabortegia ixteko agindua emango dutela uste dute.

"Badakigu bilaketa-lanak amaitzen direnean zabortegia ixteko agindua emango dutela, eta aukera baino ez daude: Joaquinen gorpua agertzea edo betirako galdutzat ematea. Eta azken hori da guk nahi ez duguna", azpimarratu du familiaren bozeramaileak, itxaropenari eusteko ahaleginean.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak gaur Zaldibar Ingurumena Mendi-magaletako lur-jausiak Durangaldea azken ordukoa