Gizartea -
Iruzurra
Osakidetzaren izenean etxekoen datuak eskatzen duen iruzurra salatu dute Oñatin
Halako deiren bat jaso ezkero, udaltzainei edo ertzainei berri ematea eskatu du Udalak
N. B. | EITB MEDIA
Osakidetzaren izenean telefonoz deitu eta etxekoen datuak eskatzen duen iruzurra salatu du Oñatiko Udalak.
Udaletik ohar batean azaldu dutenez, covid-19aren kontrako txertaketa antolatzen ari direnaren aitzakian etxekoen datuak eskatzen ari dira telefonoz deitzen duten ezezagun batzuek, eta Osakidetzatik edota udaletxetik deika ari direla esaten ei dute.
Deiak, bereziki, adineko pertsonak bizi diren etxeetara egiten ari dira. Halakoak salatu dira Bizkaian eta Araban eta Oñati inguruan ere gerta litezkeela eta adi egoteko gomendioa zabaldu da Ertzaintzatik.
Udalaren esantean, "ez Osakidetzatik ezta udaletxetik ere ez dira telefono deiak egiten ari. Gainera, etxekoen osasun daturik edo bestelakorik ez da sekula eskatzen".
Halako deiak iruzurrak dira berez, eta gerora, lapurreta edo bestelako delituren bat egiteko asmoz egindakoak direla pentsarazten dio Ertzaintzari.
Horregatik, halako deiren bat jaso ezkero, udaltzainei edo ertzainei berri ematea eskatu du Udalak eta noski, daturik ez ematea.