Gizartea -

KORONABIRUSA

Positibotasuna % 5,9ra jaitsi da 921 kasurekin, baina ospitaleko presioa igo egin da

Positibotasun tasa ia puntu bat jaitsi da azken orduetan, eta intzidentzia-tasa metatua eta oinarrizko ugalketa kopurua jaitsi egin dira.

Argazkia: EFE.
Gaixo bat ospitalean
Adierazle nagusien arabera, egoerak egonkortzeko bidean jarraitzen du Euskadin

1:19

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak 921 positibo berri utzi ditu azken orduetan Euskadin, aurreko egunean baino 99 gutxiago, eta positibotasun tasak hobera egin du, ia puntu bat jaitsi baita. Hala ere, ospitaleetako presioa oso handia da oraindik, 95 ospitaleratze berri izan baitira eta 162 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, bigarren olatuko gaixo kritikoen kopururik altuena.

Osasun Sailak jakitera eman duenez, 15.486 proba egin zituzten ostegun honetan (aurreko egunean baino 403 gehiago), eta horietatik 921ek positibo eman zuten; kutsatze tasa % 5,9koa izan zen, eta asteazkenean 6,8koa.

Positibo berri gehienak Bizkaian erregistratu dituzte berriro, baina behera egiten jarraitzen dute: 479 kutsatze berri, aurreko egunean baino 75 gutxiago; Gipuzkoan 281 positibo berri (aurreko egunean baino 39 gutxiago) eta Araban 151 kasu berri, asteazkenean baino zazpi gehiago. Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkien beste hamar kasu zenbatu dituzte, hau da, bi gutxiago.

Ospitaleko presioa pandemiaren bilakaeraren puntu negatiboa da berriz ere, eta gora egin du aurreko egunekin alderatuta; izan ere, ostegun honetan 736 pertsona ospitaleratuta daude, asteazkenean baino zazpi gehiago, eta zainketa intentsiboetako unitateetako gaixoen kopuruak gora egi du berriro, 162 gaixo larri (sei gehiago).Gela arruntetan, berriz, 95 ospitaleratze berri egon ziren (11 gehiago), eta 574 pertsona daude horietan, hau da, aurreko egunean baino bat gehiago.

Hamalau eguneko intzidentzia-tasa metatuak aldeko bilakaera izaten jarraitzen du: 100.000 biztanleko 664,1 kasu zeuden asteazkenean, eta 654,22, berriz, ostegun honetan, aurreko egunean baino hamar puntu gutxiago, hain zuzen.

Adierazle hori jaitsi egin da Bizkaian (703 izatetik 689,09 izatera) eta Araban (653,5 izatetik 646,56 izatera). Gipuzkoan, intzidentzia metatua 587,1 izatetik 581,85 izatera igaro da.

Hiriburuetan, Bilbon (776,3) eta Gasteizen (658,6) hobetu zen eragina, baina, tasa horrek okerrera egin zuen Donostian, 579,5 kasu izan baitziren.

Beste datu positibo bat da oinarrizko ugalketa kopurua, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, berriz ere jaitsi zela atzo, eta 0,91n kokatu zela (0,95 aurreko egunean), iragan abenduaren 28tik izandako baliorik txikiena. Adierazle hori, positibotasun tasarekin eta zainketa intentsiboetako unitateen okupazioarekin batera, pandemiaren hedapenaren kontrol-maila zehazten dutenetako bat da.

5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, autonomia-erkidego osoan 51k dituzte 500 kasu baino gehiago pilatuta hamalau egunetan, hau da, atzo baino bi gehiago.

Pandemiak ikastetxeetan duen eraginari dagokionez, Gasteizko Judimendi haur eta lehen hezkuntzako zentroak ateak ireki ditu ostiral honetan, eta, beraz, une honetan ez dago ikastetxerik erabat itxita.

Hala ere, handitu egin da EAEko hezkuntza-sarean covidaren eragina; izan ere, 144 gela itxita daude koronabirus kasuengatik, atzo baino 20 gehiago, hau da, 17.554 eskolen % 1,44, bi urtetik unibertsitatez kanpoko hezkuntzara arte.

Koronabirus kasuren bat izan duten ikastetxeen kopuruak ere gora egin du atzokoarekin alderatuta, 129 izatetik 144 izatera igaro baitira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak