Gizartea -

KORONABIRUSA

Positiboen kopurua 723ra igo da, baina intzidentzia metatuak jaisten jarraitzen du

Oinarrizko ugalketa-indizea mantendu egin da (0,87), baita ospitaleko presioa ere: 93 ospitaleratze, 157 pertsona zainketa intentsiboetako unitateetan eta 570 gela arruntetan.

Zainketa intentsiboetako unitateetako langileak. Argazkia: EFE.
Zainketa intentsiboetako unitateetako langileak
Zainketa intentsiboetako unitateetako langileak. Argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak egonkortze zantzuak eman ditu Euskadin, azken orduetan 723 positibo berri atzeman ostean, igandean baino 102 gehiago, eta positibotasun tasa aurreko egunekoaren mailan jarraitu du, nahiz eta ospitale-presioak handia izaten jarraitzen duen: ospitaleratzeak igo egin dira (93 gehiago azken orduetan), eta zainketa intentsiboetako unitateetan koronabirusarekin dauden gaixoak 157 dira, zazpi gutxiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren bilakaerari buruzko datuak eguneratu ditu, joan den astelehenean 12.320 test diagnostiko egin baitziren, aurreko egunean 10.687 test egin ondoren. Horrela, positibotasun tasa hamarren bat baino ez da igo, % 5,8tik % 5,9ra.

Positibo gehien Bizkaian atzeman dituzte, 399 kutsatze berri izan baitira bertan, igandean baino 28 gehiago; Gipuzkoan, berriz, 216 kasu berri erregistratu dituzte, aurreko egunean baino 28 gehiago, eta Araban 99, bezperan baino 43 gehiago. Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean, bederatzi positibo zenbatu dituzte, hau da, hiru gehiago.

Datu horiekin, 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 607,67koa da Euskadi osoan, aurreko egunean baino 17 puntu gutxiago (624,85). Bizkaian bakarrik daude 600 kasutik gora, 637,49 baitaude (igandean baino 20 gutxiago); izan ere, Arabak eta Gipuzkoak tasak jaisten jarraitzen dute, 582,66 eta 549,79 zenbatu baitituzte.

Hiriburuek ere beheranzko joera berretsi dute: 536,76 kasu Donostian, 590,52 Gasteizen eta 726,16 Bilbon.

Pandemiaren hedapenaren adierazleetako bat ere egonkortu da: oinarrizko ugalketa-kopurua, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena. Astelehen honetan, igandean bezala, 0,87an zegoen.

Euskadiko ospitaleetan 570 paziente dituzte ospitaleratuta (igandean baino hiru gutxiago), azken egunean 93 ospitaleratze berri izan ostean (egun bat lehenago baino 51 gehiago). Gainera, 157 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitatean, igandean baino zazpi gutxiago.

5.000 biztanletik gorako udalerrien egoerari dagokionez, astelehen honetan 42 herri zeuden eremu gorrian, igandean baino lau gutxiago.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak uste du Euskadin izandako azken datuek "joera aldaketa" erakusten dutela pandemiaren bilakaeran, baina ohartarazi du datozen egunak "erabakigarriak" izango direla "hirugarren olatuaren bigarren tontorra jaisten" hasi den jakiteko.

Gaur egun, Euskadiko biztanleen % 82k baino gehiagok jarduerari eta mugikortasunari eusteko neurri berberak dituzte, "Bigarren olatuaren kurba makurtzea lortu zenean indarrean zeuden berberak", eta Gabonak baino lehen, 14 egunera, 100.000 biztanleko 239 kasuren intzidentziara iristea ahalbidetu zuena.

Hori dela eta, "zuhurtzia" azpimarratu du; izan ere, "joera aldaketa bat ikusten bada ere, osasun sistemaren gaineko presioa hobetu egin behar da".

Arabako egoitzetan positiboek gora egin dute

Arabako egoitzetan, covid-19 kasu positiboen kopuruak gora egin du azken astean, 41 kutsatze izan baitira (aurreko astean 29 izan ziren).

Hala ere, azken zazpi egunetan ez da heriotzarik izan, eta lau izan ziren aurreko astean.

Azken astean, bost pertsona osatu dira, eta dagoeneko 277 dira pandemiaren bigarren olatuan Arabako egoitzetan koronabirusa gainditu duten erabiltzaileak.

Bestalde, 35 profesional soziosanitario bajan daude positibo emateagatik edo positibo batekin harreman estua izateagatik.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan azken orduetan ez da inor hil COVID-19arekin, eta ez da gaixotasun horren kutsadurarik izan.

Aldundiak jakitera eman duenez, zentro horietako erabiltzaile batek koronabirusa gainditu du azken orduetan, eta Eibarko eta Ordiziako erreferentziazko zentroetan 15 pertsona daude ingresatuta.

Une honetan 21 kasu positibo aktibo daude, eta bigarren olatua hasi zenetik, abuztuaren 11tik, egoitzetako 154 erabiltzaile hil eta 653 sendatu dira. 

Ikastetxeen egoera Euskadin

Gasteizen, Helduen Heziketa Iraunkorrerako El Carmen ikastetxean, hezkuntza jarduera presentziala etenda dago oraindik, eta 229 ikasgela itxita daude astearte honetan Euskadin, koronabirusa atzemateko proban positibo eman duen ikasleren bat izateagatik, hau da, astelehenean baino 21 gutxiago (klase guztien % 1,30).

Klaseren bat itxita duten zentroak 126ra murriztu dira (astelehenean baino 14 gutxiago).

Nafarroa

Kutsatzeek gora egin dute berriro Nafarroan, bi egunez 100etik behera egon diren arren. Astelehen honetan 138 kasu atzeman dituzte, Foru Gobernuaren behin-behineko datuen arabera.

Espainiako Estatuan, Osasun Ministerioak beste 16.402 kasuren berri eman du, eta guztira 3.005.487 dira kutsatuak pandemia hasi zenetik. Gainera, 766 pertsona hil dira azken 24 orduetan: 63.061 dira Espainiako Estatuan hildakoak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak