Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Jendetza bildu da indarkeria matxistaren kontrako manifestazioetan

Jende ugari izan da hiri nagusietako manifestazioetan: Bilbon, Arriagan; Donostian, Boulevarrean; Gasteizen, Andre Mari Zurian; eta Iruñean, Gaztelu plazan.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna da. Argazkia: EITB
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna da.
Indarkeria matxistaren kontrako Eguna: Oraindik asko dago egiteke

01:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna egin da gaur. Euskal Herrian aurten beren bikotekideek hil dituzten 5 emakumeak izan dituzte gogoan, dozenaka ekitalditan.

"Beldur barik" izan da aurtengo kanpaina instituzionalaren leloa, eta bereziki emakume gazteei zuzendu diete mezu hori; gizonen indarkeria pairatzen duten 3 emakumetik batek, 30 urte baino gutxiago baititu.

Yanela Zaruma, Rosario Roman, Deysi mendoza, Sophie Laudette eta beste bosgarren emakume batek osatzen dute emakumeen aurkako indarkeria aurtengo biktimen zerrenda Euskal Herrian.

Estatistika beltzaren izen abizen eta aurpegiak desberdinak dira, baina kolore berekoa da biktima guztiek sentitzen duten beldurra eta etsipena.

Horren harira, eragile sozialek, erakundeek eta herritarrek indarkeria mota horren eta desberdintasunen kontrako borrokan bide asko dagoela egiteko aldarrikatuko dute.

Gaurkoan, ekitaldi ugari ari gara ikusten emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Helburua da egunen batean horrelakorik egin behar ez izatea. 

Jaurlaritzako atarian, lehendakariak eta bere Gobernuko hainbat kidek, bost minutuko isilunea egin dute, indarkeria matxista gaitzesteko.

Halaber, manifestazioak izan dira hiri nagusietan: Bilbon, Arriagan; Donostian, Boulevarrean; Gasteizen, Andre Mari Zurian; eta Iruñean, Gaztelu plazan.

Emakumeen elkarteak

Bestalde, Berdintasun Kontseilua osatzen duten Bilboko emakumeen elkarteek erakundeen eta gizartearen inplikazioa eskatu dute indarkeria matxistaren aurka borroka egiteko.

Bilboko Udalak igorritako adierazpen batean, "emakumeen aurkako indarkeria fenomeno publiko eta soziala da, eta sistema sozialaren sexismoan ditu sustraiak", adierazi dute elkarteek.

Prebentzioan, antzematean eta indarkeria errotik desagertzeko hezkuntza ekimenak martxan jartzea ezinbestekoa dela errepikatu dute emakumeen elkarteek.

Kolektibo ahulenen kasuan beharrizan hori areagotzen da. Zentzu horretan, emakume minusbaliatuak, neskatoak eta adineko emakumeak aipatu dituzte elkarteek.

Aurten hiru emakume hil dituzte bikotekideek EAEn, horietako bat Bilbon.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea