Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibitatea % 5,5era igo da EAEn, hiru egunez jaisten aritu eta gero
613 positibo berri atzeman dituzte, bezperan baino 30 gutxiago: 367 Bizkaian, 162 Gipuzkoan eta 71 Araban.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 11.236 proba diagnostiko egin zituzten atzo, ostirala, bezperan baino ia 4.000 gutxiago eta 613 pertsonak eman zuten positibo. % 5,5era igo da, beraz, covid-19aren positibitate tasa Euskal Autonomia Erkidegoan, hiru egunez jarraian behera egin ostean. Azken egunetan %5aren azpitik zebilen, bi hilabetean lehen aldiz.
Positibo kopurua aurreko egunekoa baino txikiagoa da (643 kasu izan ziren ostegunean), baina positibotasun tasa % 4,7koa zen ostegunean, eta % 5,5ekoa izan zen, berriz, ostiralean.
Positibitate tasan izandako igoera horrekin, azken egunetako joera hausten da, beraz. %5eko langa horrek erakusten du birusaren transmisioa komunitarioa den edo ez: zenbat eta baxuago hobe eta %5etik aurrera kontroletik kanpo dagoela esan nahi du.
Lurraldeka, Bizkaian 367 kasu atzeman ziren, Gipuzkoan 162 eta Araban 71. Gainera, 13 kasu diagnostikatu ziren EAEn bizi ez diren pertsonen artean.
Ospitaleetako datuei dagokienez, 80 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, bezperan baino 17 gehiago eta 170 gaixo larri zeuden ZIUetan covid-19arekin, ostegunean baino hiru gutxiago.
Eusko Jaurlaritzak ez du datorren astelehenera arte udalerri bakoitzari buruzko informaziorik emango, ezta RO indizea eta 14 egunetan 100.000 biztanleko dagoen intzidentzia tasa berrituko ere. Ostegunean 536,48koa zen datua.