Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEk gune gorritik ateratzea lortu du, intzidentzia tasa 495 kasura jaitsita

Azken 24 orduetan 423 kasu berri atzeman dituzte, eta positiboen tasa % 4,8an dago orain. Urtarrilaren 20tik EAEk izan duen intzidentzia tasa baxuena da gaurkoa.

Osasun-langile bat Zestoan, PCRak egiten. Argazkia: EFE.
Osasun-langile bat Zestoan, PCRak egiten.
Osasun-langile bat Zestoan, PCRak egiten. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan 423 covid-19 kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, eta positiboen tasa % 4,8an dago orain. Ostiralean % 5eko tasa gainditu bazuen ere, datuak hobetzea lortu du berriro EAEk.

Hain zuzen ere, 495,16 kasuan dago azken hamalau egunetan pilatutako intzidentzia tasa, hots, gune gorritik irten da EAE, 100.000 biztanleko 500 positibo baino gutxiago baititu gaur-gaurkoz. Urtarrilaren 20tik izan den intzidentzia tasa baxuena da gaurko hau.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 8.800 proba egin zituzten larunbatean; aurreko egunean baino 2.356 gutxiago. Esan bezala, 423 pertsonak eman zuten positibo; ostiralean baino 190 pertsona gutxiagok.

Urtarrilaren 3az geroztik, kutsatuen kopurua ez da egun bakar batean ere hain baxua izan.

Lurraldeka banatuta, Araban zenbatu dituzte positibo horietatik 58, Bizkaian 242, eta Gipuzkoan 115. Bestalde, EAEtik kanpo bizi diren 8 pertsona kutsatu dira.

Ospitaletako egoerari dagokionez, 31 pertsona ospitaleratu zituzten larunbatean (ostiralean, berriz, 80), eta 170 daude oraindik ere ZIUn.

Bi pertsona hil dira Bizkaiko zaharren egoitzetan

Bi egoiliar zendu dira azken 48 orduetan Bizkaiko zaharren egoitzetan. Guztira, 49 pertsona daude covid-19ak jota, eta 3.175 lagunek gaixotasuna gainditzea lortu dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, larunbatean 15 adinekok eman zuten positibo, alegia, ostegunean baino sei pertsona gutxiagok.

Bestalde, 17 egoiliar daude ospitaleratuta, covid-19aren birusagatik; azken zenbaketan baino sei gutxiago.

Egoiliar bat kutsatu da Gipuzkoako zahar-egoitzetan

Gipuzkoako erresidentzietan positibo berri bat atzeman dute igande honetan. Bi egoiliarrek, ordea, birusari aurre egitea lortu dute. Gauzak horrela, zortzi kasu positibo daude gaur-gaurkoz Gipuzkoako erresidentzietan.

Foru Aldundiak emandako datuen arabera, abuztuaren 11az geroztik, 154 adineko hil dira eta 668k gaixotasuna gainditu dute.

Bestalde, zazpi pertsona daude ospitaleratuta Ordizian eta Eibarren covid-19 gaixoentzat prestatutako zentroetan.

57 kasu berri Nafarroan

Nafarroako Osasun Sistemak 57 kasu positibo berri atzeman zituen atzo, aurreko egunean baino 25 gutxiago, Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. Abenduaren 20az geroztik zenbatutako kopururik txikiena da larunbatekoa. Orduan ere 57 kasu atzeman zituzten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak