Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroak 48 kasu atzeman ditu, uztailaren 30etik izandako kopururik txikiena

Horrenbestez, seigarren eguna du jarraian 100 positibotik behera.

Osasun langile bat PCR proba egiten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat PCR proba egiten.
Osasun langile bat PCR proba egiten. Argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak 48 kutsatze berri atzeman ditu igande honetan, uztailaren 30etik izandako kopururik txikiena, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Zehazki, 1.202 proba diagnostiko egin dituzte (bezperan baino 684 gutxiago), eta horietatik % 4 positibo izan dira. Horrenbestez, positibotasun tasa puntu bat pasatxo igo  da: % 2,96tik 4ra. 

Seigarren eguna du Erkidegoak 100 kasu baino gutxiago zenbatzen. Horrez gain, duela astebeteko edo bi asteko datuekin alderatuta, 32 eta 113 kasuko beherakada da.

Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 58 erregistratu ziren, Tuteran % 4 eta Lizarran % 2. Gainerako positiboak (% 36) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.

Udalerri edo gune zigortuenei erreparatuta, Artika eta Burlata dira denen buru, launa kutsatzerekin. Barañainen, Cordobillan eta Iruñeko Txantrea auzoan hiruna kutsatze atzeman dituzte, eta Irunberrin, Urdiainen eta Sarrigurenen, bina.

Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusia 15 eta 29 urte artekoa da (% 27), eta ondoren, 30 eta 44 urte artekoa (% 23). Ondoren, 45 eta 59 urte bitartekoak eta 15 urtetik beherakoak daude, biak % 17rekin. Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea (% 12) eta 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 4) daude.

Positibo berrien batez besteko adina 35,7 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 54 gizonezkoak dira eta % 46 emakumezkoak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 142 pertsona daude ospitaleratuta covid-19arekin (atzo baino hamar gutxiago); horietatik 25 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino bi gehiago), eta beste 12 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gehiago). Gainerakoak, 105 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino 13 gutxiago). Atzo bi pertsona hil ziren, 81 eta 91 urteko bi gizonezko, eta aurreko egunetan hiru pertsona hil zirela jakinarazi dute, 87 eta 97 urteko bi emakume eta 78 urteko gizon bat.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 50.403koa da Nafarroan. Kausa horren ondorioz baieztatutako heriotzen kopurua 1.084koa da Nafarroan.

Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioak esan du hirugarren olatuak beheraka jarraitzen duela eta orain intzidentzia-tasa metatua 416 kasukoa dela 100.000 biztanleko. Hala ere, zuhurtzia eskatu du eta neurri murriztaileak mantentzea ezinbestekotzat jo du, "egoera oraindik oso txarra delako".

Fernando Simon Osasun Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak zehaztu duenez, astelehen honetan 30.251 positibo berri detektatu dituzte, eta ostiraletik 702 pertsona gehiago izan dira. Azken zazpi egunetan 1.230 heriotza izan dira Estatuan, 200 egunean.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroa Tutera berriak Gaixotasunak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Osasunari buruzko albisteak Medikuak Erizaintza gaur Medizinak albisteak Txertoak azken ordukoa Zer gertatu da Barañain herrian? Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak albisteak Osasunbidea gaur