Gizartea -
Ezbeharra Oñatin (Gipuzkoa)
Gizon bat hil da Aloña mendian, maldan behera erorita
Bikotekidearekin ibilbide bat egiten ari zen biktima, Garikoitz Baños Movistar Team taldeko masajista, ezbeharra izan duenean. Emakumeak berak eman du abisua.
E. L. | EiTB Media
42 urteko gizon bat hil da larunbat honetan Aloña mendian, Oñatin (Gipuzkoa), Segurtasun Sailak eta Aldundiko suhiltzaileek jakitera eman dutenez. Hildakoa Garikoitz Baños Movistar Team txirrindularitza talde profesionaleko masajista da.
Iturrien arabera, istripua 14:00ak aldera gertatu da. Gizona maldan behera erori da.
Bikotekidearekin ibilbide bat egiten ari zen biktima, ezbeharra izan duenean. Emakumeak berak eman du abisua.
Larrialdi zerbitzuak, suhiltzaileak eta Ertzaintzako mendi erreskate taldea bertaratu dira, gorpua erreskatatzeko.
"Garikoitz Baños Gary gure masajistaren heriotza baieztatzen dugu atsekabe handiz", azaldu du Movistar Team txirrindularitza taldeak ohar batean. Oñatiarra 2021an hasi zen Movistar Team taldean, Contentpolis eta Caja Rural taldeetatik pasa ondoren.
"Abarca Sportseko taldekide guztien artean oso maitatua eta errespetatua zen, bereziki emakumezkoen taldean, izan ere, 2018an sortu zenetik funtsezkoa izan da", erantsi du txirrindularitza taldeak.
"Gary-ren inplikazio izugarriak, umoreak eta begikotasunak, eta txirrindularitzarenganako eta txirrindularienganako maitasunak itzala utzi du gure taldean, arlo profesionalean zein, batez ere, pertsonalean", azpimarratu du.
Azkenik, "Gary-ren taldekide guztiek Idoia haren bikotekideari, familiari eta lagunei babesa adierazi nahi diegu une zail hauetan", adierazi du taldeak.