Gizartea -

Sutea

Erkorekak EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko erakundeen arteko elkarlana goraipatu du

"Harro egoteko modukoa da horrelako larrialdi egoeraren aurrean denok bat egiteko gaitasuna izatea", esan du. Iluntzean haize aldaketa eta euri zaparradak espero dituzte agintariek.

Josu Erkoreka eta Eider Mendoza, Irungo koordinazio gunean. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka eta Eider Mendoza, Irungo koordinazio gunean.
Erkoreka: ''Arratsaldean haizea moteldu egingo da eta euria espero dugu gauerako''

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak EAEko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko erakundeen eta zerbitzuen arteko "koordinazioa, ulermena eta elkarlana" goraipatu ditu Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga inguruan piztutako suteari aurre egiteko orduan. Irunen egin ditu adierazpenak Eusko Jaurlaritzaren lehendakariordeak, sutea itzaltzeko lanak koordinatzen ari diren tokitik.

Erkorekak azaldu duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak elkarrekin hitz egin dute, eta planteamendu berdinak egin dituzte "itxaropenari dagokionez".

Lehendakariordearentzat "harro egoteko modukoa da horrelako larrialdi egoeraren aurrean denok bat egiteko gaitasuna izatea".

Arratsaldean haizearen indarra baretuko dela aurreikusten dute bi erkidegoetako agintariek. Iluntzean, haize aldaketa garrantzitsuarekin batera, euri zaparradak ere espero dituzte, eta sailburuak azaldu duenez, "laguntza handia" izango da sutea erabat itzali ahal izateko.

Azaldu duenez, Nafarroan ez bezala, Gipuzkoako suhiltzaileek ez dute Espainiako Armadaren laguntzarik behar izan. "Hemen ez da beharrezkoa izan, baldintzak eta Foru Aldundiaren erantzuteko ahalmena, bere suhiltzaileekin eta beste baliabide guztien laguntza eta koordinazioarekin, nahikoa izan direlako Gipuzkoako zatian suari aurre egiteko", azaldu du Erkorekak.

Antza guztien arabera, sutea Nafarroan piztu zen, eta bertako "zerbitzuei dagokie jatorria identifikatzeko erantzukizuna", baina Erkorekak berretsi egin du "elkarlana emateko eta batera jokatzeko" prestutasuna.

Sailburuarentzat "lehentasuna" orain sutea itzaltzea da, eta hurrengo fase batean hasiko litzateke jatorriaren inguruko ikerketa. "Hortik aurrera, ikerketak abiaraziko dira jatorria identifikatu ahal izateko eta deliturik izan den argitzeko", esan du.

Bestalde, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, sutea "egonkortu" egin da Gipuzkoan, baina ez dago oraindik kontrolpean. Mendozak azaldu duenez, haizea apur bat baretzeak eta tenperaturak behera egin izanak "asko lagundu du" egoera egonkortzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Eusko Jaurlaritza berriak Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Suteak albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Irun Eguneko albisteak Ingurumena azken ordukoa Lapurdi