Gizartea -

KORONABULOAK

Gripearen txertoa eta covid-19a: Martinez Albarracinen bideoaren gezurrak

Egiaren aldeko Medikuak taldeko kideak txertoen ustezko ondorioez egindako bideoan kontatzen diren albiste faltsuak banan-banan aztertu ditugu.

Gripearen txertoa eta covid-19a: Martinez Albarracinen bideoaren gezurrak. Artxiboko irudia: EFE
Gripearen txertoa eta covid-19a: Martinez Albarracinen bideoaren gezurrak.
Gripearen txertoa eta covid-19a: Martinez Albarracinen bideoaren gezurrak. Artxiboko irudia: EFE

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren gaineko gezurrak, eta, azkenaldian, txertoei buruzkoak, bolo-bolo dabiltza sare sozialetan. Oraingoan, Mª Jose Martinez Albarracin medikuaren bideo bat biral bihurtu da. Albarracin Egiaren aldeko Medikuak taldeko kide da, eta txertoen ustezko ondorioei buruzko hainbat baieztapen faltsu egin ditu bideoan, zientifikoki frogatu gabe daudenak.

Beste behin, covid-19ari buruzko gezurrei aurre egiteko lanean, EITB Mediak, besteak beste, maldita.es webgunearen laguntzarekin (Maldito Bulo atalaren bidez), medikuaren bideo horretan kontatu diren faltsukeriak gezurtatu ditu, banan-banan.

Besteak beste, Martinez Albarracinen esanetan, "herrialde batean gripearen aurkako txertoa herritarren % 50ek jarriz gero, covid-19 kasuek nabarmen egiten dute gora", eta "kutsatzeen kopurua areagotu egiten da, baita gaixo larrien kopurua ere". Hala ere, ez dago gripearen aurkako txertoa pronostiko okerragoarekin edo SARS-CoV-2 koronabirusaren kutsatzeen kopuru handiagoarekin lotzen duen inongo ebidentziarik.

Bideoan, gainera, Albarracinek dio aurtengo kanpainan gripearen aurkako txertoetako bat, Chiromas, 65 urtetik gorakoentzat eta gripearen ondorioz konplikazioak izateko arrisku handia dutenentzat dela, eta 80 polisorbatoa daramala. Baina Maldita Cienciak behin baino gehiagotan azaldu du ez dagoela ebidentziarik esateko 80 polisorbatoak gaixo horien pronostikoa okertzen duenik.

Arcadio Garcia de Castro Mikrobiologian doktoreak maldita.es-i azaldu dionez, osagai hori osagarri gisa eransten zaie txerto batzuri, ahalik eta baldintza onenetan mantentze aldera.

Fluzone txertoak ez du "ondorio larririk eta heriotzarik" eragiten

Horrez gain, Albarracinek intentsitate handiko Fluzone (Fluzone High) txertoa kritikatu du, 70 urtetik gorako pertsonei ematen zaiena. "Fitxa teknikoan bertan dio astebete eta sei hilabete bitartean ondorio kaltegarri edo heriotza eragin ditzakeela", esaten du bideoan Egiaren aldeko Medikuak taldeko kideak. Baina gezurra da, fitxa teknikoak ez baitu horrelakorik esaten.

CDCen arabera, txertoa jasotzen duten pertsona gehienek "erreakzio oso txikiak edo apenas izaten dute erreakziorik, eta izaten direnak ohikoak izaten dira: txertoa jarri den tokian mina, mialgia edo muskuluetako mina eta ondoeza", azaldu du adituak, eta txerto eman eta hiru eguneko epean konpontzen direla.

Egia al da alergia duten pertsonek ezin dutela txertoa jarri?

Medikuak gripearen aurkako Flucelvax anafilacia edo alergia izan duten gaixoei gomendatzea eta ematea ere kritikatu du, gaixo horiei "ezin baitzaie txerto hori jarri", horren aburuz.

Egia da gripearen aurkako txerto asko enbrioidun arrautzetan gripearen birusa inokulatuta ekoizten direla. Hala ere, Flucelvax txertoaren kasuan, ikerketa biomedikoetan erabilitako MDCK ugaztunen zelula lerroak ekoizten dira, in vitro hazitakoak, eta, ondorioz, ez dute arrautza proteinaren trazarik. Hemen ikus daiteke erabilera-orria.

DNA txertoetan eta minbizia

Beste baieztapen bat ere egiten du Albarracinek, alegia, txerto horiek guztiak zelula lerroetan hazten direla, eta CDCk eta AEBko Elikagai eta Sendagaien Administrazioak onartu egiten dutela horiek dituzten DNA hondarrek minbizia eragin dezaketela. Egia da DNA hondarrak egon daitezkeela, baina txertoetan onartzen diren gehienezko mugak kontuan hartuta, Maldita.es-ek azaldutakoaren arabera, horiek minbizia izateko arrisku oso txikia dute.

Txertoak eta merkaturatzeko prozesuak

Txertoen saiakuntzak ere zalantzan jartzen ditu; izan ere, horren arabera, saio laburrak dira, laburregiak, hiru aste baino gutxiagokoak, eta, beraz, ezin da jakin txertoen ahalmen onkogenikoa eta immunitate-sistemaren berraktibitatea. Maldita.es-en adituak argitu duenez, txerto guztiek garapen preklinikoko prozesu zorrotzak jarraitzen dituzte animalia eta klinika-ereduetan.

Beste txerto batzuk ere arriskutsuak izan daitezkeela esan du, Antonietta Gattik eta Stephano Montanarik British Medical Journal aldizkarian egindako argitalpen bati erreferentzia eginez. Baieztapen horiek, ordea, ez dute inolako funtsik, Sendagaien Europako Agentziako kide batek artikulu honetan azaltzen duen bezala. Frantziako Sendagaien Agentziak ere analisi bat argitaratu zuen, eta bertan argi uzten dute kopuruak oso baxuak direla, inguruko edozein tokitan onargarriak eta ohikoak diren mailen barruan.

Txertoen osagaiei dagokienez, Albarracinek aipatzen duen bezala, egia da txerto batzuek aluminio gatz kantitate txikiak dituztela, baina horiek (% 1 baino gutxiago) jaten ditugun elikagaiek berez dituztenak baino askoz gutxiago dira, horren arabera. Maldita.es-ek behin baino gehiagotan azaldu du txertoen osagaiak seguruak direla, agintari osagarriek onartzen dituztela eta funtzio espezifikoa dutela sendagaiaren nahasketan.

Euskal Irati Telebista VOST Euskadirekin ere ari da elkarlanean, koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba EAE albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zientzia albisteak Osasunari buruzko albisteak Medikuen albisteak Albiste faltsuak sare sozialeetan Basurtuko ospitalea Gurutzetako Ospitalea albisteak Erizainak azken ordukoa Sendagaiak Txertoak azken ordukoa Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea albisteak Covid birusaren olatu berria Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Lehen Arretako zentroak Osasunbidea gaur