Gizartea -

DONOSTIA

Ertzaintzak 35 isun proposamen egin ditu EHUko itxialdiarekin lotuta

EHUk, ohar bidez, esan du "onartezina" dela ikasleek aukeratutako presio bidea: "Ezin da hiru egunez espazio publikoa okupatu eta elkarrizketa bide oro baztertu".

Ertzainak, ikasleak Filosofiako Donostiako fakultatetik ateratzen. Argazkia: EFE
Ertzainak, ikasleak Filosofiako Donostiako fakultatetik ateratzen
Ertzainak, ikasleak Filosofiako Donostiako fakultatetik ateratzen. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 35 pertsona identifikatu ditu bart, EHUk Donostian duen Filosofia fakultatean itxialdia egiten ari zirenak bertatik ateratzera joan denean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 35 isun proposamen egin ditu gertakari horiei lotuta.

Atzo 18:00ak aldera hasi zen dena, EHUko arduradunek Ertzaintza ohartarazi ondoren Filosofia fakultatean talde bat itxialdia egiten ari zela.

Ertzainak 22:00ak aldera bertaratu ziren Ibaetara, eraikina jendez husteko asmoz. Barrura sartutakoan ikusi zutenez, gazteek gelako sarraila aldatuta zuten, eta gaua igarotzeko lo-zakuak, burkoak eta mantak zituzten.

Banan-banan guztiak atera zituzten eraikinetik, istilurik gabe, eta egungo osasun araudia urratzeagatik zigor prozedura ezarriko zitzaiela jakinarazi zieten.

00:20 aldera amaitu zuen Ertzaintzak eraikina husten.

EHU: "Ezin da espazio publiko bat hiru egunez okupatu"

EHUk ohar batean egin du itxialdiaren balorazioa. Horren ustez, "onartezina" da ikasleek aukeratutako "presio" bidea: "Ezin da hiru egunez espazio publiko bat okupatu eta egoera konpontzeko elkarrizketa bide oro baztertu". Dena dela, "une oro eta gertatutakoak gertatuta", ezein unibertsitate talderekin "hitz egiteko eta bere eskakizunak entzuteko prest" agertu da EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak oharrean dioenez, protesta hasi zenetik itxialdia egiten ari zen taldearekin "harremanetan" eta "irtenbide baketsu eta bideragarri bat topatzeko hizketan" egon da. Zehaztu du asteazken arratsaldean "elkarrizketa zabal eta irekia" izateko proposamena helarazi ziela ikasleei, baina horretarako "baldintza bakarra" jarri ziela: itxialdia bukatzea. Taldeak, baina, uko egin zion.

"Espazio publikoaren erabilera ez-legitimoa eta pandemiari aurre egiteko segurtasun neurrien urraketa" ikusita, eta kontuan hartuta gelan "60 pertsona batu zirela uneren batean", Ertzaintzak Filosofia fakultatean itxita zeudenak aterarazi ditu bart. "Modu baketsuan" atera zituztela nabarmen du EHUk.

Ildo beretik, EHUk azpimarratu duenez, "pertsonen osasuna ondasun ukaezina da eta, egoera honetan, inork ezin du arriskuan jarri. Unibertsitateak gogorarazi nahi du, gizarte demokratiko batean, arauen urraketa eta indarra erabilita gauzak inposatzea ez direla baliabide legitimoak".

EHUren esanetan, "ikasle elkarte eta unibertsitate talde guztiek badute eskubidea horretara bideratuta dauden tokiak erabiltzeko. Horretarako protokolo zehatzak, modu egokiak eta erraztasun guztiak daude. Ikasleen Kontseiluak, ikasleak ordezkatzeko dagoen erakunde legitimoak, baditu erabiltzeko moduko espazioak. Ikasleek ere, euren ordezkaritza organoen bidez, badituzte baliabide ekonomikoak eta zenbait kasutan, administrazioko langileak dituzte euren zerbitzura".

Itxialdia egin duten ikasleek leku bat eskatzen zuten

Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) deituta, astelehenetik ari ziren itxialdia egiten Filosofia fakultatean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Errektoretzari jarduera politikoa aurrera eramateko leku bat eskatzeko, UIBk sare sozialetan zabaldutako informazioaren arabera.

Unibertsitateko Indar Batasuna 2019an sortutako ikasle talde bat da, unibertsitatean, ikasleentzat eta langileentzat, hobekuntzak aldarrikatzen dituena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Ertzaintza EHU berriak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Gazteak gaur