Gizartea -
BIZKAIA
Jostailu faltsu eta arriskutsuak, Bizkaiko txinatar biltegien % 97n
61 establezimendu ikuskatu, eta segurtasun-araudia betetzen ez zuten 26.166 produktu aurkitu dituzte. Salgai horien balioa 65.000 eurokoa da.
EITB MEDIA
Guardia Zibilak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak jostailu faltsu eta arriskutsuak aurkitu dituzte Bizkaiko biltegi txinatarretan egin dituzten ikuskapenen % 97n, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera.
2020ko azarotik 2021eko otsailera bitartean egin zituzten ikuskapen horiek, Europoleko eta beste bost herrialdetako (Erresuma Batua, Estatu Batuak, Norvegia, Suitza eta Islandia) LUDUS operazioaren baitan.
Bizkaian, handizkako 61 establezimendu ikuskatu, eta merkaturatu ezin diren edo faltsututa dauden 26.166 jostailu eta laser-erakusle atzeman dituzte, segurtasun-araudia ez betetzeagatik. Produktu horien guztien balioa 36.000 eurokoa da.
Gainera, debekatutako armak, lehergailu piroteknikoak eta CITES agiririk gabeko elefante hortz pare bat konfiskatu zituzten miaketetan.
Establezimenduetako arduradunei industria-jabetzaren aurkako bi delitu egotzi dizkiete, eta 177 arau-hauste: Kontrabandoa Erreprimitzeko Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua, Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea, Gizarte Arloari buruzko Errege Dekretua, Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei buruzko Legea eta haien gizarteratzeari buruzko Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Dekretua.